Politika -

Pujol auzia

Pujolek iragarri du azalpenak emango dituela Kataluniako Parlamentuan

Kataluniako Parlamentuko presidenteari zuzendutako gutun batean, agerraldia irailaren 22aren ostean egitea eskatu dio, prozesu soberanistan "ahalik eta eragin txikiena" izan dezan.

Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia. Artxiboko irudia. EFE
Jordi Pujol
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia. Artxiboko irudia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak agerraldia egingo duela jakinarazi dio Nuria de Gispert Parlamentuko presidenteari, eta irailaren 22tik aurrera izatea eskatu du, hilabeteko “tentsio politiko handiko gertaeretan” “ahalik eta eragin txikiena” izateko.

Kartan, Pujolek esan du agerraldia ez dela “derrigorrezkoa”, baina egitea erabaki duela “Parlamentuagatik dudan begirune handiagatik”. Halere, hilaren 22tik aurrera izatea eskatu du, Diadaren, politika orokorreko eztabaidaren eta kontsulten legearen onarpenaren ostean, eta “karga politiko handia duen beste egun garrantzitsu batetik urrun”, azaroaren 9rako kontsultaren harira.

“Iruzkin hauek kontuan izango dituzula espero dut”, irakur daiteke kartan. Halaber, Parlamentuko presidentegatik eta “instituzioagatik” sentitzen duen “errespetua eta begirunea” errepikatu ditu.

Parlamentutik jakitera eman dutenez, laster de Gispertek eta Sergi Sabria Gai Instituzionaletako Batzordeko presidenteak Pujoli egun bat proposatuko diote agerraldia egiteko.

Goizeko lehen orduan, Parlamentuak aho batez Pujolen agerraldia onartu du hiru hamarkadatan atzerrian ezkutatuta izandako kontuen inguruko azalpenak eman ditzan. Horren berri karta bidez eman diote Kataluniako presidente ohiari, “ahalik eta azkarren” agerraldia egitea eskatuz.

Parlamentu horretan ordezkaritza duten zazpi taldeek (CiU, ERC, PSC, PP, ICV-EUiA, C's eta CUP) babestu dute eskaria, horren alde egingo zutela aurreratu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea