Politika -
El Paisen inkesta
Katalanen % 45ek Konstituzionalaren erabakia errespetatzea nahi dute
Metroscopiak El Paisentzat egindako inkesta baten arabera, % 23 independentziaren alde dago, debekatuta ere; eta heren batek posible ikusten du independentzia etorkizunean.
Erredakzioa
Kataluniako herritarren ia erdia, %45 hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko galdeketa egiteari buruz hartuko duen epaia errespetatzearen alde dago. Metroscopiak El Paisentzat egindako inkesta baten arabera, % 23 independentziaren alde dago, debekatuta ere; eta heren batek posible ikusten du independentzia etorkizunean.
Horrela azaltzen da Metroscopiak El Pais egunkariarentzat egindako inkesta batean. Horren arabera, kataluniarren gehiengoa Konstituziotik abiatutako irtenbide baten alde dago, eta laurden bat, erreferenduma egin beharrik ez duen irtenbide baten alde.
Inkesta irailaren 2tik 4ra bitartean egin zuten, eta mila bat lagun galdekatu zituzten. Emaitzek erakutsi dutenez, CiU eta ERCren boto-emaileak galdeketa egitearen aldekoak dira, eta Auzitegi Konstituzionalaren epaia baztertzea proposatzen dute. PSC, PP, Iniciativa, Podemos eta Ciutadansen boto-emaileak, ordea, Konstituzionalaren epaia onartu eta kontsulta berri bat negoziatzearen alde daude.
Horrez gain, inkestan azaldu denez, erreferenduma egitea ez den beste alternatiba bat bilatzearen aldekoak dira Podemosen boto-emaileak (% 30 inguru) eta Iniciativarenak (% 29 inguru). Galdetutakoen % 42k "hirugarren bidea" aukeratuko luke; hau da, Kataluniarentzat alternatiba bat aurkitzea, baina independentzia aldarrikatu gabe eta konpetentzia gehiago emanez. Pentsaera horretako gehienak PSC, ICV, Podemos eta Ciutadans alderdien boto-emaileak dira.
Beste alde batetik, inkesta egin dutenen % 19k gauzak dauden bezala jarraitzea nahi dute, PPren boto-emaileek, batez ere. Horrez gain, gora egin du Kataluniak independentzia lortzeko aukeren inguruan ezkor azaltzen direnen kopuruak.
ERCko jarraitzaileek uste dute independentzia ez dagoela oso urruti; CiUkoak, berriz, banatuta ageri dira: aldekoak eta aurkakoak. Gainontzeko hautesleek ez dute uste etorkizuneko Katalunia gaur egungotik asko aldenduko denik. Galdekatutako hirutik bi hauteskundeak aurreratzearen alde dago, erreferenduma egiten ez bada; eta % 71k uste dute independentista gehienek duela gutxi pentsatzen duela horrela.
Erdiek baino gehiagok (% 54) uste dute "Pujol auziak" eragina izango duela independentzia prozesuan, baina txarrerako. ERC eta CiUko jarraitzaileek, ordea, aurkakoa uste dute.