Politika -

Auzitegi Nazionala

Valentin Lasartek Enrique Nietoren sendiari eragindako mina aitortu du

Lasartek lekuko gisa deklaratu du gaur Enrique Nieto poliziaren hilketa dela eta, Auzitegi Nazionalean Juan Ramon Carasatorreren kontra egindako epaiketan.

Valentin Lasarte. Argazkia: EiTB
Valentin Lasarte. Argazkia: EiTB
Valentin Lasarte. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentin Lasarte ETAko kide ohiak lekuko gisa deklaratu du asteazken honetan Auzitegi Nazionalean Enrique Nieto polizia nazionalaren hilketa dela eta, Juan Ramon Carasatorreren kontra egindako epaiketan. Valentin Lasartek Enrique Nietoren senideei hitz batzuk luzatu dizkie: "benetan sentitzen dut eragindako mina".

"Eragindako mina benetan sentitzen dudala esan nahi diot familiari eta ekintza guztien aitorpenaren alde nago", adierazi du Lasartek. ETAtik urrunduta dagoela eta aspaldian garai hori atzean utzi zuela azpimarratu du. Halaber, parte hartu duen ekintza guztiak aitortu ditu.

Lasartek Enrique Nieto polizia nazionalaren hilketan parte hartu zuen eta bere garaian 30 urteko kartzela zigorra ezarri zieten berari eta Francisco Javier Garcia Gazteluri. Gaurkoan, Juan Ramon Carasatorreren kontrako epaiketa hasi da eta horrek epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio. Gainera, defentsa abokatuak Carasatorreren absoluzioa eskatu du.

Gaurko epaiketan, Daniel Campos fiskalak 30 urteko kartzela zigorra eta 300.000 euroko kalte-ordaina eskatu ditu Carasatorrerentzat. Fiskalaren iritziz, akusatuak Enrique Nietoren hilketan parte hartu zuela frogatzen duten nahikoa erakusle daude. Valentin Lasarte hilketa egin zuen tokira eramatea leporatzen diote Carasatorreri.

Lasartek kontatu duenez, Carasatorre eta Garcia Gaztelu "Txapote" Donostia komandoko kide izan ziren, baina ez du gogoratzen zein epe tartetan izan ziren komandoko kide eta Enrique Nietoren hilketan parte hartu zuten ala ez. Biktimaren jarraipena egin ondoren, hilketa egunean motor bat lapurtu eta polizia nazionalaren etxera gerturatu zirela aitortu du Lasartek. "Mototik jaitsi, minutu batzuez itxaron eta bera agertu zen. Atentatua egin eta motoan ihes egin genuen", gaineratu du. Ertzaintzaren aurrean Carasatorrek eta "Gaztelu"k atentatuan parte hartu zutela esan bazuen ere, presiopean egindako deklarazioa izan zela azpimarratu du.

Defentsa abokatuaren esanetan, Lasartek torturapean egindako adierazpenak ez dira nahikoa froga Carasatorre zigortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea