Politika -

Kataluniako prozesua

Mas: 'Bozkatuko dugu, seguru. Zer baldintzatan, beste gauza bat da'

Kataluniako presidenteak esan du galdeketa berme demokratiko guztiekin egitea dela bere helburu nagusia, inork ez dezan zalantzan jarri emaitzaren zilegitasuna.

1.800.000 lagunek hartu zuten parte atzoko mobilizazioan, Bartzelonan. Argazkia: EFE
1.800.000 lagunek hartu zuten parte atzoko mobilizazioan, Bartzelonan. Argazkia: EFE
Masek bozketa egingo dela dio, baina ez daki 'zer baldintzatan'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diadaren biharamunean, Artur Mas Generalitateko presidenteak esan du datorren azaroaren 9an katalanek bozkatzeko aukera izango dutela. "Bozkatuko dugu, seguru. Zer baldintzatan bozkatuko dugun, hori beste kontu bat da", esan du. Prozesuaren nondik norako guztiak ez daudela Kataluniako Gobernuaren esku gaineratu du.

Rac1 irrati-kateari eskaini dion elkarrizketan, Masek esan du galdeketa berme demokratiko guztiekin egitea dela bere helburu nagusia, inork ez dezan zalantzan jarri emaitzaren zilegitasuna. Dela dela, oraindik, hari-mutur asko argitu behar direla onartu du. Galdeketaren antolaketan parte hartzeari udalen batek uko egingo balio Gobernuak zer jarrera hartuko duen galdetuta, Masek ez du argibiderik eman izan nahi.

"Kanpoko norbaitek galdeketa deitzea" eragotziz gero, prozesuaren alde dauden alderdi guztien artean (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP) adostuko dutela esan du Kataluniako presidenteak. "Arazoak parean jartzen zaizkigunean, zuek konponbideak ikusiko dituzue. Dena pentsatuta dago", ziurtatu du.

Estatua galdeketa eragozteko neurriak ezartzen saiatuko dela jakin badakiela eta aukera hori ere aztertu dutela esan du. "Gerta liteke Gobernuak helegite bat jartzea Konstituzionalean, horrek erabakiren bat hartzea, eta, ondoren, Gorenak ebazpena indarrik gabe uztea", gaineratu du. Subiranotasunaren bide orrian "Estatua eragileetako bat da", baina Espainiako Gobernuak "ezetz" esan arren, ezin du geldiarazi kataluniarrek abian jarritako prozesua.

Euren estrategiak bi ardatz nagusi dituela nabarmendu du: Kataluniako alderdien batasunari eustea eta legezko galdeketa bat bermatzea. Hori dela eta, ezinbesteko baldintza da, bere ustez, "berme demokratiko guztiak" ziurtatzea, galdeketak "balioa" izan dezan. Horrela, ez Espainiak ez nazioarteko erakundeek ezingo dute zalantzan jarri emaitza.

Atzo, Bartzelonan egin zen mobilizazioak subiranotasunerako prozesua indartzen duela esan du. "Hurrengo urratsa datorren ostiralean, irailaren 19an, emango dugu, Parlamentuak kontsulten lege berria onartuta eta, ondoren, bozketa deitzeko dekretua sinatuta", zehaztu du. Generalitateak azpiegitura guztia prest duela esan du Masek.

Kontsultak iritzia jakiteko balioko du, presidentearen hitzetan. Balio juridikorik izango ez duen arren, iritzi horrek politikan eragiteko balio beharko lukeela adierazi du. "Independentziaren aldarrikapena ez da galdeketaren ondorengo egunetan etorriko. Bidea luzea da. Dena ez da azaroaren 12an argituko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Artur Mas argazkiak Kataluniako prozesua zuzenean