Politika -

Euskal Herria

Subiranotasunaren bidean lidergoa 'partekatu' nahi du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak lidergoa eta konpromisoa konpartitu nahi ditu autodeterminazio eskubidea defendatzen duten beste eragile politiko eta sozialekin.

EH Bilduk gaur Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EiTB
EH Bilduk gaur Donostian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EiTB
EH Bildu: 'Ezin gara akordiorik nahi ez duenaren zain egon'

0:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk "lidergoa eta konpromisoa" partekatu nahi ditu autodeterminazio eskubidea defendatzen duten beste eragile politiko eta sozialekin, Euskal Herrian burujabetza prozesua abiatu ahal izateko.

Diadan parte hartu duten EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Sorturen Bilboko egoitzan, eta Katalunian bizitakoaz hausnarketa egiteaz gain, beren ustez Euskal Herriak abiatu beharreko bideaz iritzia eman dute.

Maite Ubiria eta Jon Iñarritu EH Bilduko ordezkarien esanetan, "Diadak garaipen politiko eta soziala ekarri du" Kataluniarentzat, baita herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenentzat ere.

EH Bilduk bide soberanista aldarrikatu nahi du Euskal Herriarentzat, guztion artean marraztu behar dugun ibilbide orriaren arabera zeharkatu behar dugun bidea. "Ordua da Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen errealitate politiko bat dela defendatzen dugunon artean ahaleginak batu ditzagun, burujabetzaren bidetik urratsak egiteko eta euskal gizartearen benetako borondatea gauzatzeko", gaineratu dute.

Koalizioaren iritziz, Katalunian bezala, Euskal Herrian ere prozesua gizartearen gehiengoaren borondatearekin egin behar da, "horrek ematen dio zilegitasuna". "Indarrak metatzeko prozesuaz ari gara, herriaren zilegitasunean oinarrituta, aldebakarrekoa eta soberanista. Katalunian bezala, atzeraezina bihurtu behar dugun prozesuaz ari gara", aldarrikatu du EH Bilduk.

Estatuak ez dauka ibilbide demokratikorik, EH Bilduren arabera. Hori dela eta, aukera bakarra ikusten du koalizioak: "gure bideari ekin eta gure herria eraikitzeko urratsak egitea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diada EH Bildu Bizkaia