Politika -
Epaia
29 urteko zigorra Mardarasentzat, EiTBren aurkako atentatuarengatik
Zigor Arloko hirugarren atalak atentatuaren egiletzat jo du Mardaras. Talde terroristako kide izatetik absolbitu du, ordea.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 29 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Oihana Mardarasi EiTBren egoitzaren aurkako atentatuarengatik. Gertakaria 2008ko abenduaren 31an izan zen Bilbon, eta kalte material ugari eragin zituen.
Zigor Arloko hirugarren atalak atentatuaren egiletzat jo du Mardaras eta ondorengo delituak egotzi dizkio: kalte handiak, legez kontrako atxilotzea eta lapurreta. Talde terroristako kide izatetik absolbitu du, ordea, delitu horrengatik Frantzian jada epaitua izan zen eta.
Epaian jasotzen denez, Mardaras Basakatu komandoko kidea zen 2008an, beste bi lagunekin batera, Ibai Beobide horien artean. Beobide gertaera horiengatik zigortu zuten, eta lehen deklarazioan atentatuan parte hartu izana egotzi zion Mardarasi.
Idatzian jasotzen denez, hiruren artean egin zuten 100 kilo lehergai zituen artefaktua.
Atentatuaren bezperan, abenduaren 30ean, Bilboko Buiagoiti auzora joan ziren furgoneta bat lapurtzeko asmoz. Gidari bati arma batekin mehatxu egin eta Arrigorriagara eraman zuten begiak estalita. Zuhaitz batera lotu zuten, ihes egitea lortu zuen arren.
Abenduaren 31ko goizeko bederatziak inguruan, EiTBren egoitzara joan ziren, eta lehergaiak zituen furgoneta eraikinaren ondoan utzi zuten.
5 milioi euroko kalteak
Ordu bat beranduago Beobidek Bilboko suhiltzaileei deitu zien eta lehergailuaz eta Arrigorriagan zegoen gizonezkoaren berri eman zien. Goizeko hamaiketan izan zen leherketa eta 5 milioi euroko kalteak eragin zituen.
Mardarasek Frantziara ihes egin zuen eta 2009ko ekainaren 30ean atxilotu zuten. Auzitegi Korrekzionalak talde armatuko kide izateagatik zigortu zuen.
Hirugarren aretoak frogatutzat jotzen du Mardarasen parte hartzea atentatuan. Beobideren deklarazioez gain, esandako hitzak gezurtatu zituen arren, emakumearen etxean aurkitako mapa bat frogatzat jo dute. Mapa horretan ibilgailuak lapurtzeko guneak eta gidaria eraman zuten ingurua zehaztuta ageri dira.
Alfonso Guevara epaileak zuzentzen duen aretoak 15 urteko espetxe zigorra ezarri dio Mardarasi kalte handiak sortzeagatik, 10 urteko zigorra legez kontrako atxilotzeagatik eta lau urte eta erdiko zigorra indarkeriaz lapurreta egiteagatik.