Politika -
2015eko hauteskundeak
'Araban PPk edo Bilduren eraginpeko norbaitek gobernatuko du'
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia ziur agertu da PPk Arabako Gobernuari eutsiko diola, baina ohartarazi du Bildu "nazionalistak batzen" ari dela Araban.
Erredakzioa
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu duenez, Bildu izango da datorren urteko hauteskundeetako "benetako arerioa". "Lurralde honetan PPk ez badu gobernatzen, koalizio soberanistaren eraginpeko norbaitek gobernatuko du, seguruenik", esan du.
EFEk egindako elkarrizketa batean, De Andres ziur agertu da da PPk Arabako Gobernuari eutsiko diola, baina ohartarazi du Bildu "nazionalistak batzen" ari dela Araban, eta EAJk baino boto gehiago jaso zituela aurten Europako hauteskundeetan eta 2011ko orokorretan.
"Ez dut uste bat-batean EAJk gora egingo duenik. Bildu da gora egiten ari dena, ez EAJ", azaldu du De Andresek.
2015eko hauteskunde horiek egin baino lehen, baina, Arabako Gobernuak hurrengo aurrekontuak onartzeko nahikoa babes jaso beharko du, ez baitauka gehiengorik bere kabuz onartzeko.
De Andresek, halaber, negoziazio "global" baten aldeko apustua egin du, iaz egin zuen bezala (EAJrekin adostu zituen aurrekontuak). Akordioak lortzeko borondatea, gaineratu du, “zentzuz gobernatutako erakunde guztietara zabalik dago".