Politika -
Sarkozyren itzulera
Sarkozyk izena eta antolaketa aldatu nahi ditu bere alderdian
Hala UMP alderdiari segida emateari uko egin dio. 2002an sortu zen eta gaur egun alderdikideen artean banaketa handia dago.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea ohiak bere alderdiaren izena aldatzeaz gain, antolaketa ereduan aldaketak egin nahi ditu. Aste honetan, politikaren lehen lerrora itzuliko zela iragarri zuen bere "familia politikoa" zuzentzeko hautagai izateko.
"Alderdiaren izena aldatuko dut, antolaketa eredu berri bat ezarri, errelebo bat ipini, eta kontuak zuzentzeko militanteak eta emaileak itzularazi", adierazi dio 2007 eta 2012a bitartean Frantziako presidente izan zenak Le Journal Du Dimanche (JDD) egunkariari.
Hala, politikari eskuindarrak uko egin dio UMP alderdiari segida emateari. 2002an sortu zen Jacques Chirac garaiko presidenteari babesa emateko, eta gero Sarkozyri babesa emateko plataforma gisa balio izan zuen. Gaur egun, UMP alderdia banatuta eta ekonomikoki hondoa jota dago, eta ustelkeria salaketak ditu bizkar gainean. Azaroaren 29an kongresua egingo dute eta bertan presidente berria aukeratuko dute. Bigarren itzulia behar izanez gero, abenduaren 6an egingo litzateke.
Sarkozyk 59 urte ditu eta hobetzeko "adinetik eta esperientziatik ondorioak" atera dituela adierazi du. Hiperaktibitatea eta gehiegizko gogoa egotzi izan diote askotan Sarkozyri, baina ez duela inorekin oldarkorra izan nahi eta "harrokeriarik eta mendeku goserik gabe" itzuli dela nabarmendu du. "Ez dut 2017ko hauteskunde presidentzialetarako nire hautagaitza iragarriko. Beste momentu batean egingo dut. Orain nire familia politikoa lanean jarri behar dut", adierazi du.
Frantziarren % 63 Sarkozy hautagai izatearen kontra daude, BFM TV hedabideak argitaratutako inkestaren arabera.