Politika -

Eusko legebiltzarra

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide-orria aurkeztuko du EH Bilduk

'Bide honetara, Euskal bidera, batzen den oro ongi etorria izango da', nabarmendu du koalizio abertzaleak.

Hasier Arraiz izango da EH Bilduren bozeramailea osteguneko eztabaidan. Artxiboko irudia: EFE
Hasier Arraiz izango da EH Bilduren bozeramailea osteguneko eztabaidan. Artxiboko irudia: EFE
Hasier Arraiz izango da EH Bilduren bozeramailea osteguneko eztabaidan. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko konpromiso aktiboa agertuko du EH Bildu talde parlamentarioak ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko osoko bilkuran, eta bide hori egin nahi dutenei gonbita luzatu die.

Juanjo Agirrezabala eta Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideek bihar Hasier Arraizek legebiltzarrean egingo duen hitzaldiaren nondik norakoak azaldu dituzte Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. Laura Mintegiren agurraren ondotik, Hasier Arraizek egingo ditu koalizioaren bozeramaile lanak Eusko Legebiltzarrean.

"Eusko Legebiltzarraren hormak gaindituz", urte politikoko lehen osoko bilkura herritarrei zuzentzeko "aukera" bat dela iritzi dio EH Bilduk. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko pausoak eman nahi dituztenekin ibiltzen hasteko konpromiso "aktiboa" erakutsiko du EH Bilduk.

"Herrialde demokratiko heldua eta politikoki arduratsua gara, eta Estatua ez da inor bozkatzeko eta erabakitzeko dugun eskubidea ukatzeko. Demokraziari beldur dionak soilik dio beldur hautestontzietako emaitzari", adierazi dute koalizioko kideek. Azaldu dutenez, Eskoziako erreferendumak prozedura demokratiko bat jarri du mahai gainean, eta "borondatea izanez gero, Euskal Herriak ere bide hori egin lezake".

"Ez diogu inori baimenik eskatu behar ibiltzen hasteko" eta "bide honetara, Euskal bidera, batzen den oro ongi etorria izango da", azaldu du koalizio abertzaleak. "Ibiltzen hasiak gara. Ezin dugu denbora gehiagoan Madrilen jarrera aldaketaren zain egon, dakigunean Gobernuaren posizioa ez dela gatazkari konponbidea emateko negoziazio prozesuak irekitzea", gaineratu du.

Euskal gizarteari eta eragile sozial zein politikoei eskua luzatu ostean, bidea modu eraginkorrean eta azkarrean egiteko ibilbide-orri bat egitea babestu dute koalizioko kideek. "Euskal gizarteak hartu behar du gidaritza, eta eragile sozialek eta politikoek norabide horretan bultza egin behar dugu", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea