Politika -

Omenaldia

Gerra Zibileko gudariak gogoratu ditu Bilboko Udalak

Ibon Areso alkateak hiria defendatu zutenak goraipatu ditu, eta haiek egindakoa "ez ahazteko" eskatu du.

Gudariak oroitzeko Bilbon egin den omenaldia. Argazkia: EFE
Gudariei omenaldia Bilbon. EFE
Gudariak oroitzeko Bilbon egin den omenaldia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak Espainiako Gerra Zibilean hiria babestu zuten gudariak omendu ditu. Ibon Areso alkateak nabarmendu duenez, “ez ditugu ahaztu behar euren herriaren askatasuna defendatzeko bizitza eman zutenak”.

Casilda Iturrizar parkean, Nestor Basterretxearen “Memoria Bizia” eskulturaren ondoan egin da ekitaldia. Bilboko alkateak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Udala osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak (EAJ, PP, EH Bildu eta PSE-EE) izan dira omenaldian. 36ko gudan borrokatu zuten hainbat gudari ere gerturatu dira parkera.

“Euskadi eta Errepublika defendatu zuten eta askatasunaren alde borroka egin zuten ideologia ezberdinetako gudari eta milizianoentzat da omenaldia”, nabarmendu du Ibon Aresok.

Soldadu haiek egindako lana ere goraipatu du alkateak. “Soldadu haiek legez osatutako erakundeak defendatu zituzten, Bilbo defendatu zuten, eta egindako lanari esker, herritarrak hiritik atera ahal izan zituzten eta tropa faxisten iritsiera geldiarazi”, azpimarratu du.

Alkateak beharrezkotzat jo ditu azken aldian indarkeriaren (edozein motakoa dela ere) biktimak gogoratzeko egiten diren ekitaldiak, baina gerra zibilean euren bizitza eman zutenen lana goraipatzeko beharra ere azpimarratu du.

“Gerraren ondoren geratu ziren zauriak justizia eta oroimenarekin sendatzen dira”, adierazi du. Horren ildora, Bilbon egin den omenaldiak zauriak ireki beharrean, ixteko saiakera egiten duela nabarmendu du.

“Ez ditugu ahaztu behar gizarte justuago, toleranteago eta demokratiko eta zibilizatuago bat eraikitzen saiatu ziren haiek, ez eta euren familiak ere”, amaitu du.

Ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, lore eskaintza egin dute eskulturaren aurrean. “Eusko Gudariak” abestuta amaitu da ekitaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa