Politika -
Bateragune auzia
Konstituzionalak errefusatu egin du Rafa Diezen babes helegitea
Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohiaren helegitea errefusatzeko erabili zituen antzeko argudioekin bota du atzera LABen buruzagi ohiarena ere.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Rafa Diez Usabiagak bere kartzela-zigorraren aurka aurkeztutako helegitea. LAB sindikatuko idazkari nagusi ohiari 6 urte eta erdiko espetxealdia ezarri zion Auzitegi Gorenak, Batasuna berreraikitzea egotzita.
Konstituzionalak Arnaldo Otegiri ezarritako zigorra ere berretsi zuen eta, beraz, ezker abertzaleko buruzagi ohiak eta Rafa Diezek kartzelan jarraituko dute.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman zuen Otegik eta Diezek ETAren agindupean jardun zutela 2008 eta 2009 urteetan. Gainera, ETAren aginduak bideratzen zituen egitura berri batean “ardura eta sustatzaile” ardurak zituztela zioen ebazpenean.
2012ko maiatzean, Auzitegi Gorenak sei urte eta erdira murriztu zuen Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra. Gorenaren arabera, Otegi eta Usabiaga ETAko kide izatea egotzita zigortu behar ziren, baina ez ETAko buruzagi izateagatik.
Usabiagaren eta Otegiren errekurtsoak bide ezberdinetatik aztertu zituzten, helegiteak aurkezterakoan argudio ezberdinak erabili zituztelako.