Politika -
Volkswagenen BEZ-a
Barcinak 'urratsak' eta 'zehaztasunak' exijitu dizkio Gobernuari
Yolanda Barcinak azaldu du, Montoro ministroaren “zehaztasun faltaren ondorioz”, Hitzarmen Ekonomikoaren batzorde koordinatzailearen bilera eskatzea erabaki zuela.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak esan du “urratsak” nahi dituela Volkswagenen BEZari buruzko afera konpontzeko bidean, eta Espainiako Gobernuak “zehaztasunik gabe” jokatzen duela salatu du.
Barcinak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan joan den astean Ogasuneko ministroarekin izandako bilerari buruzko xehetasunak emateko.
Helegitea erretiratzeko eskatu ziola esan du, baina Montorok argi hitz egiten ez ziola ikusita, Hitzarmen Ekonomikoaren batzorde koordinatzailearen bilera deitzea erabaki zuela.
Aipatu helegitea “Espainiako Gobernuaren interesen kontra ere” badoala azpimarratu du, eta batzorde arbitralak Nafarroaren alde egin zuela eta auzia batzorde koordinatzailea aztertzea proposatu zuela gogora ekarri du.
“Estatuarekin ditugun harremanak une txarrean daude, baina ni beti izango naiz elkarrizketaren eta akordioaren aldekoa”, nabarmendu du. “Menpekotasunaren kontra gaude, baita hausturaren kontra ere, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko exijitzen diogu Gobernuari”, erantsi du.