Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bilbao: 'Delitu zantzuak Fiskaltzaren aurrean salatu ditugu'
Bizkaiko ahaldun nagusiak berretsi egin du atzo esandakoa, hau da, paradisu fiskaletan dirutza duten hainbat pertsona ikusi dituela, baina ez du datu gehiago zehaztu.
I.G./D.P. | eitb.eus
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, zerga bilketan "delitu zantzuak" atzeman izan dituztenean, "salatu" egin dituzte Fiskaltzaren aurrean.
Bilbaok berretsi egin du atzo Batzar Nagusietan esandakoa, hau da, bere agintaldian "paradisu fiskaletan dirutza" duten hainbat pertsona ikusi dituela. Dena dela, ez du argitu nortzuk diren.
"Ez nuke arazorik izango nortzuk diren esateko, baina, hala egingo banu, arazo larriak izango nituzke, sekretuak ezagutarazteagatik", esan du, "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan.
Horren esanetan, "Foru Ogasuna konfesatokia da, eta konfesio sekretua mantendu behar da". "Horrexegatik esan nien atzo iruzurgileei lasai egon daitezkeela, ez baitut ezer esango, baina jakin dezatela nik badakidala [iruzur egin dutela], aurrez aurre egoten bagara, nortzuk diren jakingo dut", esan du.
"Ez dut esango nortzuk diren", errepikatu du, "baina ikuskaritza zerbitzuek funtzionatu egin dute". Hori bai, inork ez diola Espainiako Gobernuaren amnistia fiskalari heldu argitu du: "Batzuk borondatez etorri dira, milioi bat euro dakarkizut, zer zor dizut? galdetzen", azaldu du.
Nolanahi ere, iruzur egitea ez dela ohikoa azpimarratu du: "Herritar gehienok bete egiten ditugu gure beharrak". "Baina diru asko duten eta beti izan duten hainbat pertsona daude...", gaineratu du.
Ez da Bilboko alkategai izango
Jose Luis Bilbao ez da berriz izango Bizkaiko ahaldun nagusi, hurrengo hauteskundeetara aurkeztea baztertu baitu. Horren harira, "politika instituzionalaren lehen lerroa" utziko duela azaldu du, eta, horregatik, ez da EAJren Bilborako alkategaia ere izango.
Atzo Batzar Nagusietan egin bezala, Bilbao harro agertu da egindako lanarekin, eta bere familia ez dela "aberastu" esan du. "Ez dut kontu korronterik Suitzan, eta ez dut inoiz eduki", erantsi du.
Bestalde, 2020. urtean Europako futbol txapelketan Espainiak Bilbon jokatzen badu, ez dutela San Mamesen ikusiko aurreratu du. "Ez palkoan, ez San Mamesen", azaldu du.