Politika -
LEP
De Andresentzat 'onartezina' da Ertzaintzaren lan-absentismo maila
Arabako ahaldun nagusiak uste du ez zela lan eskaintza publikorik behar izango lan-absentismo gutxiagorekin. Jaurlaritzak eta sindikatuek gogor kritikatu dituzte hitzok.
Erredakzioa
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak Ertzaintzaren lan-absentismo "onartezina"ren inguruan egindako adierazpenek nabarmen haserretu dituzte Eusko Jaurlaritza eta sindikatuak. Azken horiek atzera egitea eskatu diote agintariari.
De Andresen ustez, Ertzaintzak "nahikoa" agente ditu, eta lan-absentismo gutxiagorekin "ez zen Lan Eskaintza Publikorik behar izango".
Atzo Jaurlaritzak EAEko PP kritikatu zuen, ez zelako gai izan Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak Ertzaintzako 120 agente berrientzat irekitako Lan Eskaintza Publikoaren kontra jarritako helegitea geldiarazteko.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna
De Andresen adierazpenen aurrean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak erantzun du "erabateko arduragabekeria" direla.
Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzaren lan-absentismoa % 7,4koa izan zen 2013an, 2009an baino % 5 gutxiago, eta "Administrazioaren barruan normala" dela portzentajea.
"Miñoiak eta ertzainak alperrontzitzat jotzea erabateko arduragabekeria da, eta ez da egia", azpimarratu du Beltran de Herediak.
Sindikatuak
Roberto Seijoo Erne Ertzaintzako sindikatu nagusiko idazkari nagusiak esan du ahaldun nagusia "oso erratuta" dagoela, lan-absentismoa Eusko Jaurlaritzako gainerako funtzionarioena baino txikiagoa delako.
Seijoorentzat "lotsagarria" da De Andresek "Ertzaintzan alperrak dauden irudia zabaltzea", eta "krisiaren errua hein batean politikari lapurrena" dela azpimarratu du.
Gainera, gogorarazi du PPk bere garaian Ertzaintzako agente kopurua 8.000n mantentzearen alde bozkatu zuela Legebiltzarrean; beraz, "orain ez dela behar esatea onartezina" dela iritzi dio.
ELA sindikatuaren arabera, berriz, De Andresek "alderdiaren erabakiei babesa" eman nahi die adierazpen horiekin, eta Espainiako Gobernuaren helegitea kritikatzeko "nahikoa pisu politiko" ez izatea leporatu dio.
Esanek ere lan-absentismo maila "erabat normala" dela esan du, eta Administrazioko beste sektore batzuetan "baino dezente baxuagoa" ere badela.