Politika -
Kartzela politika
Etxeratek ez dio eraginkortasunik ikusten 'Hitzeman' egitasmoari
Bestalde, euskal presoak Frantziako espetxeetatik Espainiakoetara eramateko balizko aukeraz galdetuta, elkarteak uste du ez dela aurrerapausoa, Frantziako espetxeetako egoera hobea delako.
Erredakzioa
Ibai Bilbao Etxeraten bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak euskal presoak gizarteratzeko abian jarritako 'Hitzeman' egitasmoa ez da "eraginkorra" izango, "irakurketa oker batetik" abiatzen delako, eta "euren eskumenak ez diren egoera batzuetan oinarritzen delako ibilbidea".
Ibon Iparragirre gaixorik dagoen presoaren egoera salatzeko prentsaurrekoan egin ditu Bilbaok adierazpenok. Egitasmoaren arduradunekin bildu ostean "balorazio zabalagoa eta zehatzagoa" egiteko aukera izango duela aitortu du, baina elkarteak uste du ez dela "eraginkorra" izango eta "irakurketa oker batetik" abiatzen dela.
Izan ere, "arazoa, euskal preso politikoena, konpondu nahi dute, baina euskal gatazka politiko baten ondorio direla aintzat hartu gabe, eta gatazka sustraitik konpontzen ez bada, ez da irtenbide iraunkorrik izango".
Frantziako kartzeletatik Espainiakoetara
Bestalde, presoak Frantziako espetxeetatik Espainiakoetara eramateko ustezko asmoaren inguruan galdetuta, Etxeraten ordezkariak esan du ez dela "saldu nahi diguten gerturatzea" izango, eta presoak "trukerako txanpon gisa erabiltzeko mugimendua" izan litekeela.
Informazio horren egiazkotasuna baieztatzeke badago ere, ez du uste "aurrerapausoa" izango litzatekeenik.
Izan ere, Frantziako Estatuko kartzeletako egoera "nabarmen hobea" dela esan du eta, gainera, ez zela gerturatze bat izango, "Espainiako Estatuan dauden preso asko eta asko Euskal Herritik 600-700 kilometro baino gehiagora" daudelako, eta senideentzat bidaia "askoz okerragoa" delako.