Politika -

Bateragune auzia

Goirizelaia: 'Estrasburgora jotzeko helegitea prestatzen ari gara'

"Teknikoki eta juridikoki Espainiako bideak agortuta", bide bakarra Estrasburgokoa dela esan du Bateragune auziko abokatuak.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EiTB
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EiTB
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Argazkia: EiTB

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur bost urte atxilotu zituzten Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, Bateragune auziaren baitan. Ordutik, espetxean daude bost auzipetuak, ETAk aginduta Batasuna berreraikitzen eta "aliantza independentista bat" osatzen saiatzea egotzita.

Jone Goirizelaia Bateragune auziko abokatuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan duenez, "Espainiako bide judizialak agortuta, Estrasburgora jotzeko helegitea prestatzen ari gara. Orain, aukera bakarra Estrasburgora jotzea da. Teknikoki eta juridikoki Espainiako bideak agortuta, bide bakarra Estrasburgokoa da", esan du.

Arnaldo Otegiri buruz galdetuta, Goirizelaiak erantzun du "ondo" dagoela, "kartzelan egon ahal den bezain ondo".

"Bost auzipetuek argi dute zergatik dauden espetxean; Estatuaren erabakia izan zen, eta Estatuaren erabakia juridikoki bideratua izan da. Argi dute ez dutela deliturik egin. Egin duten gauza bakarra Euskal Herria dagoen egoera berrira ekartzea izan da, eta alderdi guztiek aitortzen dute lan hori, PPk izan ezik", nabarmendu du.

Bost auzipetuak "animoz eta kalera ateratzeko gogoz" daudela gaineratu du abokatuak, Euskal Herriaren alde lanean jarraitzeko xedearekin. "Askatasuna kendu diete, baina ideiak eta helburuak ez", zehaztu du.

2009ko urriaren 13an izan zen Bateragune auziko polizia operazioa: egun horretan atxilotu zituzten bost auzipetuak. 2011ko irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak zigor-epaia eman zuen, eta 2012ko maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen ebazpena, espetxe-urteak gutxituta. Ondoren, babes-helegitea jarri zuten bost auzipetuek Auzitegi Konstituzionalean: 2014an, erakunde horrek ere berretsi zuen zigorra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea