Politika -

Bilera sorta

Jaurlaritzari egonkortasuna emateko akordiorik ez du babestuko UPyDk

Eusko Jaurlaritzari “Legebiltzarrean lasaitasuna” bermatzeko helburua duten akordioetan parte hartuko ez dutela ziurtatu du Maneirok, ezta “gauzak dauden bezala uzteko” itunetan ere.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gorka Maneiro UPyDko bozeramailea. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gorka Maneiro UPyDko bozeramailea. Argazkia: EFE
Urkulluk alderdi guztiekin egindako bilera erronda Maneirok itxi du

0:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzari “Legebiltzarrean lasaitasuna” bermatzeko helburua duten egonkortasun instituzionalerako akordioetan parte hartuko ez dutela ziurtatu du Gorka Maniero UPyDko bozeramaileak, ezta “gauzak dauden bezala uzteko edo alderdien interesak blindatzeko” itunetan ere.

Maneiro Iñigo Urkullu lehendakariaren bildu da gaur, Gasteizen. Bilerak ordu eta erdiko iraupena izan du. Urkullu Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin bilera sorta egiten ari da aurrekontuetan egonkortasuna bilatzeko eta bakeaz, elkarbizitzaz eta autogobernuaz hitz egiteko.

Lehendakaria EH Bildurekin, PSErekin eta PPrekin bildu da dagoeneko. Bilera sorta Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin amaituko du buruzagiak.

Arratsaldeko bilera bukatu eta gero, Urkulluk bere planteamenduak “arretaz” entzun eta “gogoan hartu” dituela onartu du UPyDko bozeramaileak, baina proposatutako “ezinbesteko” erreformak egiteko “prest ez” dagoela uste du. “Herritarrak krisitik erreskatatu eta Euskadi modernizatu” nahi duela azaldu du Maneirok.

Horretarako, EAEko egitura instituzionala eta “alferrikako gastuak” murriztu nahi ditu Maneirok, eta baita Lurralde Historikoen Legea aldatu, fiskalitatea armonizatu, iruzurraren aurkako borroka hobetu eta elkarte publikoak ezabatu ere.

Bestalde, murrizketa sozialik ez egitea eskatu du UPyDk bileran. Gizarte babeserako sistema “hobetzea” eta pobreziaren zein prekarietatearen kontrako “politika eraginkorrak” bultzatzeko eskatu du Maneirok, kalitatezko lanpostu duinak bermatzeko.

Zentzu horretan, “Euskadiko gizarte politiken jasangarritasuna bermatzeko adostasun zabala” beharrezkoa dela azpimarratu du Urkulluk, Lehendakaritzako iturriek jakitera eman dutenez.

Autogobernua

Indarrean dagoen legedia eta Espainiako Konstituzioa bete behar dituela gogorarazi dio Maneirok Urkulluri. Lehentasuna “Estatutua erabat betetzea” dela erantzun dio lehendakariak UPyDko legebiltzarkideari.

Estatutua garatzeko eta “eskubide historikoen ahalmena erabiliz autonomian sakontzeko” Autogobernurako Lantaldearen garrantzia goraipatu du lehendakariak bileran, Lehendakaritzako iturriek ziurtatu dutenez.

Biktimak eta presoak

Gainera, “terrorismoaren biktimei arreta handiagoa” eskaintzeko eskatu dio UPyDko bozeramaileak lehendakariari. Bestalde, “ETAko presoentzako zigorgabetasunik ez izatea”, eskatu du.

“Biktimen eta memoriaren aldeko apustua” egin du lehendakariak, baina “espetxe araudiaren ahalmenak aprobetxatuz” presoak birgizarteratzeko aukera dagoela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD albisteak Azken albisteak Urkullu