Politika -

Nafarroa

Langabezia, autogobernua eta itun ekonomikoa, eztabaidaren ardatzak

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida egingo dute Nafarroako Parlamentuan gaur eta bihar, legealdiko azkena. Yolanda Barcinaren kudeaketa zorrotz kritikatuko du oposizioak.

Yolanda Barcina Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Yolanda Barcina Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Yolanda Barcina Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak legealdiko azken eztabaida orokorra hartuko du gaur eta bihar. Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida egingo dute, aparteko saioan. Yolanda Barcina Foru Erkidegoko presidentearen kudeaketaren balantzea egiteaz gain, datorren urteko hauteskundeei begira ere jarriko dira talde guztiak, euren hitzaldietan; langabezia, autogobernua eta itun ekonomikoa izango dira eztabaidaren ardatzak.

Barcinak ireki du saioa, 09:30ean: legealdiaren errepasoa egingo du, lorpenak, zailtasunak eta erronkak mahai gainean jarriz, Juan Luis Sanchez de Muniain Foru Gobernuko eledunak jakitera eman duenez. Horren hitzetan, jakin badakite oposizioak ez duela bat egingo presidentearen argudioekin, eta eztabaida sakona aurreikusten dutela nabarmendu du.

Azken egunotan Parlamentuko taldeek aurreratu dute Barcinaren eta UPNren kudeaketa zalantzan jarriko eta zorrotz kritikatuko dutela. Euren hitzaldietan, Gobernuaren "ezegonkortasuna" eta "porrota" agerian utziko dutela iragarri dute oposizioko taldeek.

Barcinak oharra igorri du Parlamentura bere hitzaldiaren nondik norakoen berri emateko. Bertan jasotzen denez, Nafarroan susperraldi ekonomikorako zantzuak atzematen direla esanez hasiko du bere agerraldia presidenteak. Halere, Foru Erkidegoaren arazo nagusia langabezia dela nabarmenduko du. Itun ekonomikoaren negoziazioari dagokionez, batasunerako eta akordiorako deia egingo du.

Taldeen hitzaldiak

Talde guztiek, PPNk izan ezik, Barcinaren kudeaketa "txarra" jarriko dute mahai gainean. Roberto Jimenez PSNko parlamentariaren esanetan, gai ekonomiko eta sozialak (hezkuntza, osasuna eta txirotasuna) eta foru erakundeen defentsa izango ditu bere hitzaldiaren oinarriak.

Bilduren hitzak ere ildo beretik joango dira, Nafarroako Gobernuaren "ezegonkortasuna" azpimarratuko duela esan baitu Bakartxo Ruiz bozeramaileak. Ezker abertzaleko kidearen hitzetan, gaurko eztabaidan argi utzi nahi du "Nafarroa aldaketa politiko baten atarian" dagoela.

Aralar-NaBai taldearen izenean, Patxi Zabaletak hitz egingo du. Aurreko taldeen norabide berean arituko da hori ere. UPNren Gobernuari aurre egiteko aldaketa posible dela eta horretarako gehiengo bat badagoela azpimarratuko du.

PPNren bozeramailea, Ana Beltran, berriz, "kritikotasunetik asmo eraikitzailearekin" joango da eztabaidara. Legealdi honetan oposizioko taldeek akordiorako borondaterik ez dutela izan esango du, eta, ondorioz, Foru Gobernuak hainbat lege aurrera ateratzeko izan dituen zailtasunak nabarmenduko ditu. Nafarroa duela lau urte baino "hobeto" badago, Espainiako Gobernuaren "neurriei eta erreformei esker" dagoela adieraziko du.

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeko kideak UPNren politiken "porrota" nabarmenduko du. Nuinen ustez, Barcinaren Gobernua "agortuta" dago, eta Nafarroako gizarteak "demokrazian eta gardentasunean oinarritutako politika berriak" eskatzen ditu.

Geroa Baiko Manu Ayerdik ere egungo Gobernua "agortuta" dagoela esango du.

Saioa

Barcinaren hitzaldia amaituta, 30 minutuko etenaldia egingo dute. Ondoren, taldeen txanda izango da; oposizioko taldeek handitik txikira hartuko dute hitza, eta PPN izango da hitz egiten azkena. Gehienez, 30 minutuz aritu ahalko dira.

Jarraian, Barcinak hitz egingo du, berriro, taldeei erantzuteko; talde batek parte hartu ondoren edo talde guztiek amaitutakoan har dezake parte Barcinak, horiei banan-banan edo taldeka erantzuteko. Ondoren, hamarna minutu izango dituzte taldeek, erreplika egiteko.

Eztabaida amaitzen denean, taldeei 15 minutuko tartea zabalduko zaie Parlamentuko Mahaian ebazpen-proposamenak aurkezteko; gehienez, bost. Mahaiak onartzen dituen ebazpenen inguruko eztabaidarekin ekingo diote bihar berriro saioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak