Politika -

Biktimak

Zabala: 'Ezker abertzalearen babesak adinako mina egin dit ahanzturak'

GALek hildako ETAko kidearen arrebak adierazi duenez, "oso kritikoa" izan da beti "ezkutuan indarkeria babesten duten talde politikoekin".

Patxi Elola, Pili Zabala eta Paul Rios, gaur. Argazkia: Efe
Patxi Elola, Pili Zabala eta Paul Rios, gaur.
Patxi Elola, Pili Zabala eta Paul Rios, gaur. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pili Zabalak, GALek 1983an hildako Jose Inazio Zabala ETAko kidearen arrebak, adierazi duenez, beretzat "ezker abertzalearen babesak adinako kaltea" egin zion "gainerako alderdien eta erakundeen ahanzturak".

Zabalak Fernando Buesaren oroimenezko erakundeak antolatutako terrorismoaren biktimen jardunaldi batzuetan parte hartu du gaur, Gasteizen.

Zabalak eskerrak eman dizkio Buesa Fundazioari bere bizipenen kontaketa egiteko aukera emateagatik, eta 28 urtez gaiaz publikoan hitz egin ezinda egon zela gogorarazi du.

Zabalarekin batera egon dira mahai-inguruan Patxi Elola zinegotzi sozialista, ETAren biktima, eta Paul Rios Lokarriren buru ohia eta Fabian Laespada Bakearen Aldeko Koordinakundearena.

GALen biktimaren arrebak sentsibilitate politiko guztiak errespetatzen dituela esan du, eta berea ere errespetatzeko eskatu du, Espainiako Gobernuak oraindik terrorismoaren biktima gisa aitortzen ez duen arren.

Pili Zabalak gogora ekarri duenez, atzo 31 urte bete ziren bere anaia bahitu zutenetik, eta "urte askotan erakunde ofizial askoren mespretxu isila" jasan du eta hori "tortura psikologiko handia" izan da.

Ezker abertzaleak bere garaian babes osoa eman ziola azaldu du, baina keinu horrek "garai hartako beste politikarien ahanzturak eta mespretxuak adinako mina" egiten omen zion, ezker abertzaleak beste giza eskubideen urraketa batzuk ez zituela gaitzesten ikusi zuelako.

Izan ere, garai hartan Carlos Garaikoetxea lehendakariak (garai hartan EAJkoa) ez zien inolako babesik eman, Elizak, Gipuzkoako Aldundiak, eta beste askok bezalaxe, eta horrek areagotu egin zuen bere atsekabea.

GALek hildako ETAko kidearen arrebak adierazi duenez, "oso kritikoa" izan da beti "ezkutuan indarkeria babesten duten talde politikoekin". Horren harira, hasieratik omen zuen argi PSOE zegoela anaiaren hilketaren atzean, "gero egiaztatu zen bezala".

Bestalde, Patxi Elolak ere hartu du hitza. ETA politiko-militarreko kide izan zen diktadura garaian, baina gero PSE-EEn sartu zenean Zarautzen jasan zuen jazarpena salatu du, biktimei elkartasuna adierazi zielako. "Historia maltzur horren parte izan den klase politikoak" kezkatzen duela aitortu du.

"Badirudi ETA eta ezker abertzalea ohartu direla indarkeria ez dela bidea, baina demokrazia ondorio guztiekin asumitu beharra dute", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea