Politika -
Udal-hauteskundeak
Joseba Asiron, EH Bilduren hautagaia Iruñean
Asironek azpimarratu duenez, gehiengo politiko berri bat osatzeko aukera dago, "aniztasunetik abiatuta", "aldaketarako konpromiso argiarekin", baina "bazterketarik gabe".
Erredakzioa
Joseba Asiron Saez artearen historialaria izango da EH Bilduren hautagaia Iruñeko alkate izateko 2015eko maiatzeko udal-hauteskundeetan.
Iruñean jaiotako historialariak hainbat liburu idatzi ditu Nafarroaren ondareari eta historiari buruz, eta prentsan agertu ohi dira bere artikuluak.
Komunikabideen aurreko aurkezpenean azaldu duenez, "ilusio handiko eta aldaketa politiko eta sozialerako unea da, baina, bereziki, Iruñea berri bat eraikitzeko aukera paregabea".
Hori horrela, Asironek azpimarratu du gehiengo politiko berri bat osatzeko aukera dagoela Nafarroako hiriburuan, "aniztasunetik abiatuta", "aldaketarako konpromiso argiarekin", baina "bazterketarik gabe". "Gizarteak ardura dosi handia eskatzen digu indar ezkertiar eta aurrerakoiei", gaineratu du.
Hautagai abertzaleak "kultura propioa indartzeko" konpromisoa duela berretsi du.