Politika -

Barcenasen paperak

Quiroga: 'Norbait aberastu bada, horren aurka egingo dugu'

Bilboko egoitza nola erosi zuten ikertu egingo dutela agindu du Arantza Quirogak. "Norbait horren kontura aberastu bada", azken muturreraino iritsiko dela gaineratu du.

'Norbaitek PPren duintasuna zikindu badu, haren bila joango gara'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak esan du duela urtebete bidali ziotela Pablo Ruz epaileari Bilboko egoitzaren inguruko dokumentazioa. Epaileak dokumentazioa “zuzena” zela adierazi ziela eta, hortaz, “epailearen iragazkia” pasatu dutela nabarmendu du Quirogak.

Espainiako Poliziaren Delitu Ekonomiko eta Fiskaletarako Taldeak (UDEF) PPren Bizkaiko egoitza ordaintzeko erabili zen B kutxa berri bat aurkitu du, Pablo Ruz epaileari bidalitako txostenean agertzen denez. Epailearen esanetan, Barcenasek "beste kontabilitate bat sortu zuen, 'Sede Vizca' izenekoa", operazio hori ordaintzeko.

Haserre eta suminduta agertu da gaur Quiroga, eta Bilboko egoitzaren kontura “norbait aberastu bada”, ikerketa azken muturreraino eramango duela agindu du.

Duela urtebete PPren Bilboko egoitza erosteko operazioa kolokan jarri zuten, eta kontuak aztertu zituztela azaldu du Quirogak. “Goitik behera aztertu genituen kontuak, kanpoko adituen laguntza ere izan genuen, eta inork ez zuen ezer aurkitu. Dokumentazioa eta salerosketaren dokumentazioa Ruz epaileari bidali genion. Epailearen iragazkia pasatu du”.

'Acebesek erabaki bat hartu beharko du'

Bestalde, Angel Acebes PPko idazkari orokor ohiak “erabakiak” hartu beharko dituela adierazi du Quirogak, eta “alderdia pertsonen gainetik” dagoela azpimarratu du. Auzitegi Nazionalak Acebes inputatzea erabaki zuen atzo.

Acebesek PPko militante izateari utzi behar dion ala ez galdetu diote kazetariek Quirogari, baina ez du erantzun nahi izan. “Norberak hartu behar ditu erabaki egokienak”, esan du.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ere galdetu diote, baina ez du azalpenik eman eta ez die kazetarien galderei erantzun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia PP Arantza Quiroga