Politika -
3 urte ETAren indarkeria gabe
Currinek bake-prozesuari buruzko hitzaldia eskainiko du arratsaldean
ETAk jarduera armatua utzi zuenetik hiru urte bete diren honetan itzuli da abokatu hegoafrikarra Euskal Herrira. Donostian izango da hitzordua, akuarioan.
Erredakzioa
Brian Currin abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko burua Euskal Herrian da berriz, hainbat harreman izan eta gaur arratsaldean Donostian hitzaldi bat eskaintzeko. ETAren indarkeria amaitu zela hiru urte bete diren honetan etorri da berriz nazioarteko bitartekaria.
Aieteko Adierazpenaren sustatzaileetako bat izan zena ekainean izan zen azkenekoz Euskal Herrian, Bilbon. Orduan, presoak espetxetik ateratzeko prozesua eta damu eta barkamen eskaerak ez direla nahasi behar aldarrikatu zuen.
Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak antolatu du oraingo honetan ere Currinen agenda.
Erakunde horretatik azaldu dutenez, Currinek hainbat bilera egingo ditu eragile politiko eta sozialekin, "bake-prozesuak aurrera egiteko ideia berririk ote dagoen egiaztatzeko".
Bilerok zuhurtziaz egingo dira, eta, beraz, gaur Donostian eskainiko duen hitzaldia izango da hitzordu publiko bakarra. 19:00etan izango da, Akuariumen.