Politika -

Elkarrizketa kartzelatik

Otegi:'Bada garaia prozesua Estatuarekin akordiorik izan gabe egiteko'

Aldaketari ekin behar zaiola uste du Otegik, "estrategia historikoak" beti bilatu izan duelako "esparru demokratikoa Estatuarekin negoziatzea", eta, dioenez, estatuek ez dute negoziatzeko asmorik.

erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegik (kartzelan, Bateragune auzia dela eta) elkarrizketa eman dio Berria egunkariari, eta, bertan adierazi duenez, "gure estrategia historikoak gure eskubide nazional eta demokratikoak bere barnean bilduko zituen esparru demokratikoa estatuarekin negoziatu eta akordatzea zuen helburu". Alabaina, "bada, agian garaia heldu zaigu pentsatzen hasteko askapen prozesua osorik eta bururaino estatuarekin inolako akordiorik gabe egin beharko dugula", azpimarratu du.

Berria egunkariak kaleratutako elkarrizketa luze batean Otegik egungo egoera politikoa aztertu du, eta hainbat gai izan ditu hizpide, esaterako, bake prozesua, independentziarako prozesua, eta ezker abertzalearen iragana, oraina eta etorkizuna.

"Bere garaian estrategia aldaketak lehen iraultza ekarri bazuen, orain bigarrenari heldu behar zaio: gure kultura politikoa aldatzea ekarriko duena, alegia" esan du ezker abertzalearen estrategiaren inguruan.

Halaber, gaineratu duenez, "soilik horrela lortuko dugulako independentziaren proiektu eraberritua sortu eta horren aldeko gehiengo sozial sendoa osatzea Euskal Herrian. Badakit Sortu horretaz gogoeta egiten ari dela, eta ziur naiz asmatuko duela".

Bake prozesuaren inguruan kritiko agertu da, "prozesu hau ez nuke bake prozesu bezala definituko, halakoek ezinbesteko baldintza bat bete behar dutelako: alde guztien konpromisoa eta akordiorako borondatea. Hemen soilik independentismoak agertu du konpromiso hori hitzez eta ekintzez".

"Estatuak, aldiz, ez du halako apusturik egin, ezta egingo ere, bortizkeria beharrezkoa zaiolako herri honi hitza eta erabakia ukatzeko", Otegiren esanetan.

Arnaldo Otegi, Elgoibarren egindako bisita batean. EFE

Arnaldo Otegi, Elgoibarren egindako bisita batean. EFE

Hori dela eta, "nik neuk ere autokritika egin beharra daukat. Eskema horrek prozesua termino oso itxi eta mekanikoetan ulertarazi eta gararazi digu, hura termino dialektiko eta dinamikoetan ulertu eta garatu beharrean. Hartara, esango nuke prozesua osotasunean ulertu beharko genukeela".

EAJrekin ere, kritiko

EAJk ezker abertzaleari egindako kritikez -ziklo politiko-militarretik ezer ordaindu gabe ateratzea- galdetuta, Otegik zera erantzun du: "EAJk, halakoak esanda, zer lortu nahi du? Gure arteko liskarrak piztea? Edo guk iraganeko dinamikei jarraiki prozesu horietan EAJren jarrera zorrozki kritikatzea?".

"Berriz diot: aurrera begiratzeko garaia da, eta ez atzera. Alde horretatik, Ibarretxek eta Iñigo Iruinek argitaratutako gutuna, txalogarria ez ezik, eredugarria ere iruditzen zait. Hori da bidea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi