Politika -

'Punica' operazioa

Granados Guardia Zibilak desegindako ustelkeria sareko burua zen

Madrilgo Erkidegoko Presidentetzako kontseilari ohiak kontratu publikoak lortzen zizkien enpresei, legez kanpoko komisioen truke.

Francisco Granados Madrilgo Erkidegoaren Gobernuko Presidentzia kontseilari ohia. EFE
Francisco Granados Madrilgo Erkidegoaren Gobernuko Presidentzia kontseilari ohia. EFE
'Punica' operazioan atxilotuak galdekatzen hasi da polizia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Punica' operazioko inputatu nagusia, Francisco Granados Madrilgo Erkidegoko Presidentetza kontseilari ohia ustelkeria sarean nahasitako enpresaburuen eta udal agintarien arteko bitartekaria zen, eta hainbat enpresari kontratu publikoak lortzen zizkien, legez kanpoko komisioen truke, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera.

Granadosek duela hiru urte utzi zuen politikagintzaren lehen lerroa, baina oraindik ere eragin handia zuen udaletan. Bera zuzentzen zitzaien alkateei, ustelkeria sarean nahasitako enpresaburuentzat kontratuak lortzeko. Azken bi urteotan, inputatuek 250 milioi euroko iruzurra egin omen dute.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak koordinatu du ikerketa.

Guardia Zibilaren esanetan, ustelkeria sarearen beste zutabe bat Cofely enpresa zen, kontratu irregular gehienak lortu zituelako, baina ez denak. Konpainia horren egoitza miatu egin dute, Madrilen.

Cofelyk energia eraginkortasunarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu, eta, bere webgunean bertan irakur daitekeenez, 54,7 milioi euroko kontratua du Parlako Udalarekin.

Guztira, 51 pertsona atxilotu zituzten atzo Madrilen, Murtzian, Leonen eta Valentzian; alkateak, zinegotziak, udal teknikariak eta enpresaburuak, tartean.

"Sarea hainbat udaletan eta autonomiatan infiltratuta zegoen, eta, horri esker, enpresaburuek kontratu publikoak lortzen zituzten, legez kanpoko komisioen truke", azaldu du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak.

Antza denez, sarean parte hartzen zuten politikariek kontratuaren % 2-3 kobratzen zuten. Horrela, inputatuek 5-7,5 milioi euro lortu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ustezko ustelkeria politikoa