Politika -

Punica operazioa

Valdemoroko alkatea eta beste 10 inputatu espetxera bidali dituzte

Bestalde, Velasco epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du Leongo Diputazioko presidentea. Francisco Granados Madrileko kontseilari ohiak eta David Marjalizak ostiral honetan deklaratuko dute.

Punica operazioa. Argazkia: EiTB
Punica operazioa. Argazkia: EiTB
Baldintza gabeko espetxea Leongo Diputazioko presidentearentzat

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Carlos Boza Valdemoroko alkatea eta Punica operazioko beste bi atxilotu baldintzarik gabe espetxera bidali ditu Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Beste zortzi inputatu 25.000-100.000 euroko fidantzapean kartzelara bidali ditu.

Horrela, Ana Maria Ramirez David Marjalizaren idazkaria eta Pedro Garcia Perez Cofely konpainiako langilea baldintzarik gabe espetxera bidali ditu magistratuak.

25.000-100.000 euroko bermepean beste zortzi atxilotu kartzelara bidali ditu epaileak arratsaldean, besteak beste, Alfredo Ovejero (25.000) Valdemoroko alkatearen kabineteko buruzagia eta Jose Javier Hernandez (60.000) Valdemoroko Ogasun zinegotzia.

Era berean, Jose Luis Navarro (100.000 euro) Valdemoroko udal-arkitektoa, Eduardo de la Peña (50.000) enpresaburua, Antonio Serrano (100.000 ) Marjalizaren enpresako administratzailea eta Cofelyko hiru langile: Didier Maurice, Constantino Alvarez eta Jose Antonio Hernandez (100.000) fidantzapean kartzelara bidali ditu Velascok.

Gaur deklaratu duten 15 inputatuetatik bakarra karguekin libre utzi du magistratuak: Jose Antonio Alonso Cartagenako alkate ohia.

Bere atxiloketa legez kontrakoa dela salatu du Granadosek

Bere atxiloketa legez kontrakoa dela salatu du Francisco Granados Madrileko kontseilari ohiak. Atxiloketa behar ez bezala luzatu dela salatu du kontseilari ohiak, eta berehala aske uzteko eskatu du, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

“Habeas corpus” eskakizuna aurkeztu du Granadosen defentsak Majadahondako epaitegi batean, bertako Guardia Zibilaren egoitzan atxilotuta baitago.

Granadosek eta David Marjaliza kideak, azkenean, ostiral honetan deklaratuko dute Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, Punica ustelkeria sarean ardurarik ote duten argitzeko.

Hasieran batean, gaurko zegoen hitzordua jarrita, baina ustezko ustelkeria sareko inputatu garrantzitsuenek, astelehenean atxilotu zituzten horiek biek, bihar joan beharko dute epailearen aurrera. Izan ere, deklaratzen azkenak izatea nahi zuen Velascok.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak bi inputatuak bermerik gabe kartzelatzea eskatuko du.

Leongo Diputazioko presidentea, espetxera

Bestalde, Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali ditu Marcos Martinez Leongo Diputazioko presidentea eta Alejandro de Pedro Llorca enpresaria. Jose Luis Huerta Weiter Music enpresako buruari ere espetxe zigorra ezarri dio, baina kartzela ekidin ahal izango du 300.000 euroko bermea ordainduta.

Epaileak hiru atxilotu horiei deklarazioa hartu die goizean, eta datozen orduetan Soto del Real espetxera eramango dituzte.

Gaztela eta Leongo PPk diziplina-espedientea zabaldu du Marcos Martinez alderditik kanporatzeko. Kargu guztiak uzteko eskatu dio PPk Leongo Diputazioko presidenteari, bestela neurriak hartuko ditu behartzeko.

Cuadroseko (Leon) Udalaren zinegotzi akta eta Diputazioko eserlekuaren akta “berehala itzultzeko” eskatu dio Alfonso Fernandez Mañueco PPko Eskubide eta Bermeen Batzordeko presidenteak Martinezi.

Parlako eta Torrejon de Velascoko alkateak aske geldituko dira, bermea ordainduta

Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak bermepean espetxera bidali zituen atzo Gonzalo Cubas Navarro eta Jose Maria Fraile, hurrenez hurren, Torrejon de Velasco eta Parlako alkateak, eta Antonio Borrego Jose Maria Fraileren kabineteko burua, eta Antonio Candido Ruiz Marjalizaren "testaferroa".

Parlako eta Torrejon de Velascoko alkateek eta Candido Ruizek bermea ordaindu dute eta datozen orduetan aske geldituko dira.

Bestalde, behin behineko neurririk gabe aske utzi zituen 6 pertsona: David Rodriguez Casarrubuelosek alkatea, Jose Martinez Nicolas Madrilgo erkidegoko Komunikazio kontseilaria, Jesus Galindo Sanchez Murtziako Turismo Institutuko teknikoa, Francisco Ruiz Valenzuela enpresaria, Marco Duran Serranillos del Valleko udal teknikaria eta Alejandro Utrilla Palombi Mostoleseko zinegotzia.

Beste bi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak

Guardia Zibilak beste bi pertsona atxilotu ditu Punica operazioaren baitan, eta Collado Villabako Udalak esleitutako kontratuetan bitartekari lana egitea leporatzen diete.

Atxilotuak Victor Manuel Ortega Martinez eta Jose Manuel Casado Garzon dira, hurrenez hurren, El Faro de Guadarrama egunkariko arduradun ekonomikoa eta komertziala.

Ikerketako iturriek jakinarazi dutenez, atzo gauean atxilotu zituzten bi lagunak eta horietako bat atzerrian izan ostean Espainiara itzuli berria zen.

Guardia Zibilak Jose Luis Casado izen bereko beste gizon batekin nahastu zuen, eta haren nortasuna egiaztatu ostean aske utzi zuten.

Atzo, bi pertsona horiez gain guardia zibil bat ere atxilotu zuten. Dagoeneko 37 dira Punica operazioan atxilotuak eta 14 inputatuak, nahiz eta horietako batzuk epaileak aske utzi dituen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea