Politika -
Punica operazioa
Madrilgo lau udalek Cofelyrekin egindako kontratuak ikertzen ari dira
Guztira, 115 milioi euroko kontratuak sinatu zituzten Mostoles, Collado Villalba, Valdemoro eta Parlako udalek Cofely enpresarekin.
Erredakzioa
Guardia Zibila Madrilgo lau udalek Cofely enpresa frantziarraren Espainiako filialari aurten eta iaz esleitutako lau kontratu ikertzen ari da. Guztira, 115 milioi euroko kontratuak sinatu zituztela uste dute.
Mostoles, Collado Villalba, Valdemoro eta Parlako udalek lau kontratu esleitu zizkioten ustelkeria tramaren onuradun nagusia omen zenari. Ustelkeria kasu honetan nahastuta omen daude Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi ohia, Madrilgo Autonomia Erkidegoko sei alkate, eta hainbat politikari, udal teknikari eta enpresari.
EFE albiste agentziak zabaldutako datuen arabera, Guardia Zibila Valdemoroko Udalak Cofely enpresarekin sinatutako 60,8 milioi euroko kontratu bat ikertzen ari da. Aipaturiko kontratua multinazional frantsesari esleitu zitzaiola argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean otsailaren 1ean, eta bertan Jose Carlos Boza alkate popularraren sinadura agertzen zen. Kontratua 2013ko abenduaren 5ean esleitu zuten eta hilaren 27an formalizatu zuten.
Bestalde, Estatuko Aldizkari Ofizialean ekainean argitaratu zen Agustin Juarez Collado Villalbako alkate popularrak Cofely enpresarekin sinatutako 42,9 milioi euroko kontratuaren berri. Kontratua maiatzean esleitu zuten eta ekainaren 2an formalizatu zuten.
Mostolesko Udalak Cofelyrekin aurten sinatu duen 6,2 milioi euroko kontratua ere ikertzen ari dira.
Azkenik, iaz 4,4 milioi euroko kontratua sinatu zuen Parlako Udalak (PSOE) aipaturiko enpresarekin.
Kontratu horiez gain, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak Cofely enpresarekin sinatutako beste bi kontratu ere aztertzen ari dira.