Politika -

Kontsulta

% 89,64k independentziaren alde bozkatu dute, Arrankudiagan

Parte-hartzea % 61,59koa izan da Bizkaiko herrian egin duten kontsultan. 'Euskal estatu burujabe baten kide izan nahi duzu?' galdetu diete herritarrei.

Arrankudiagak euskal burujabetzaren inguruko kontsulta egin du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrankudiagako biztanleek baiezkoa eman diote euskal estatu soberano bateko herritar izateari. Guztira, 450 herritarrek bozkatu dute baiezkoaren alde (% 89,64). Galdeketa antolatu duen Ados plataformak emandako datuen arabera, 13 pertsonak kontra bozkatu dute, eta gainera 33 boto txuri eta 6 baliogabe zenbatu dituzte.

Orotara, 16 urtetik gorako 815 herritar zeuden parte-hartzera deituta, eta parte-hartzea % 61,59koa izan da.

Ados plataformak antolatutako herri kontsulta 09:00etan hasi da, eta 20:00ak arte izan dute herritarrek boza emateko aukera, Elexalde auzoan dagoen hauteslekuan.

Kontsultan, galdera hauxe egin zaie herritarrei: “euskal estatu burujabe baten kide izan nahi duzu?”.

Bozketa "normaltasunez" eta "inolako eragozpenik gabe" egin da, antolatzaileen esanetan. Antolatzaileak oso pozik agertu dira 500 pertsona baino gehiagok galdeketan parte hartu dutelako. "Erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea lortu dugu, herri honetako biztanleek beren botoarekin pentsatzen dutena adierazteko aukera izan dutelako", gaineratu du Ados plataformak.

Gainera, azaldu dutenez, haientzat garrantzitsuena herritarrek "demokratikoki adierazteko" aukera izan dutela da.

Ados plataforma Bizkaiko Batzar Nagusietako kide ohi batzuek eta zenbait alkate ohik, ezker abertzalearen eta EAJren ordezkari izandakoek, osatzen dute, baita sindikatu batzuei, eta kultura eta kirol arloei lotutako pertsonak ere.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hauteslekuan aretoko arduradun bat zegoen, eta egun osoan mahaiko presidentea eta bi mahaikide izan dira, baita Arrankudiaga-Zolloko Udalean ordezkaritza duten alderdien ikuskatzaileak ere. Gainera, begiraleak ere izan dira prozesua berme guztiekin egiten zela baieztatzeko.

Arrankudiagako kontsulta, Euskal Herrian independentziari buruz egiten den bigarren galdeketa da, Etxarrin egin zen kontsultaren ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia