Politika -

Eusko Jaurlaritza

Urkullu: 'Eusko Jaurlaritzak eskuak garbi ditu'

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak ustelkeriaren inguruan egindako interpelazio bati erantzunez esan du hori lehendakariak. Maneiroren hitzetan, Euskadin ere egon dira ustelkeria politiko kasuak.

Iñigo Urkullu, lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu, lehendakaria. EFE
Jaurlaritzaren gardentasuna aldarrikatu lehendakariak

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ustelkeriaren inguruan esan du Eusko Jaurlaritzak "eskuak garbi" dituela eta erakunde horrek "adi" zainduko duela zalantza sor lezakeen edozein jarrera. Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan egin ditu adierazpenok Urkulluk, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen interpelazio bati erantzunez.

Maneiroren hitzetan, Euskadin ere egon dira ustelkeria politiko kasuak, "kontrolerako mekanismoek huts egin dutelako". Hori dela eta, ustelkeriari aurre egiteko proposamen ugari biltzen dituen mozio bat aurkeztuko duela iragarri du UPyDko kideak.

Euskal gizartearen gehiengo zabala "garbi" dagoela eta ez duela inolako zerikusirik ustelkeriarekin erantzun dio lehendakarak Maneirori. "Argitu beharreko kasu jakin batzuk" egon badaudela onartu du, baina, oraingoz, "ez dago zigor-epai irmorik". "Egunen batean zigor-epairik balego eta Eusko Jaurlaritzari eragingo balio, neurriak hartuko nituzke. Eusko Jaurlaritzak eskuak garbi ditu", azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren "kultura eta balore politikoetan" ustelkeriak ez duela lekurik esan du lehendakariak, eta "Euskadin botere banaketak funtzionatu egiten du", erantsi du. "Euskadin erakundeak kontrolatzeko tresna serioak eta eraginkorrak ditugu. Politika gardena, komunikazio irekia eta adi dagoen gizartea ditugu", zehaztu du.

"Epaileen lana ordezkatu" nahi izatea eta "Espainian sortu den giroa mundu osoa zigortzeko" erabili nahi izatea egotzi dio Urkulluk Maneirori.

"Politika duin egiteko kultura aldaketa" baten premia aldarrikatu du lehendakariak. Jaurlaritza bide horretan lanean ari dela esan du, eta gardentasuna bultzatzeko hainbat ekimen abiatu dituela azaldu du.

Aitzol Gogorza presoaren egoera

Bestalde, Jaurlaritza Aitzol Gogorza ETAko presoaren egoera "lehenbailehen" hobetzeko lanean ari dela esan du Urkulluk.

Gogorza Basauriko espetxean dago egun, baina asteon atera da ospitaletik, arnasteko arazo larriak dituelako, Etxeraten arabera. 10 urteko espetxe zigorra betetzen ari da.

Lehendakariak "kezka" agertu du, Gogorzari ez diotelako 100.2 artikulua ezarri, hau da, arrazoi humanitarioak tarteko presoa aske uztea ahalbidetzen duena.

Horren esanetan, Jaurlaritza "gertutik" ari da presoaren egoera jarraitzen, eta "beharrezkoak diren hartu-emanak" egiten ari da, horren egoera "lehenbailehen" hobetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia