Politika -
Valladolideko Epaitegia
Jaume Matasi emandako hirugarren gradua baliogabetu dute
Valladolideko Espetxe Zaintzako Epaitegiak Jaume Matas Balearretako presidente ohiari urrian eskaini zioten hirugarren gradua baliogabetzea erabaki du.
Erredakzioa
Valladolideko Espetxe Zaintzako Epaitegiak Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiari urrian eskaini zioten hirugarren gradua baliogabetzea erabaki du. Urriaren 31n onartu zioten hirugarren gradua Matasi.
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak erabakia hartzeko erabilitako argudio nagusiak azaldu ditu. Batetik, ez du presoaren "berreziketaren" zantzurik atzeman, eta, bestetik, Matas aske uzteak herritarrek zuzenbide-estatuan duten konfiantza “apurtzeko arriskua” ikusi du.
Matas uztailaren 28an sartu zen Segoviako espetxean, eroskeria egotzita. Ondoren, Espetxe Zaintzako idazkari nagusiak hirugarren gradua onartu zion Matasi.
Valladolideko Epaitegiaren iritziz, “zalantzarik gabe”, Jaume Matas “gizarteratuta” dagoen pertsona bat da, bai orain eta baita delitua egin zuenean ere. Hala ere, “berreziketarako” pausorik eman ez izatea erabili du argudiotzat Valladolideko epaileak erabakia hartzeko.
“Zigorren xede hori lortu gabe, ez du zentzurik hirugarren gradua emateak”, Auzitegiaren arabera.
Bestalde, “ez dago horren damuaren inolako zantzurik, ez du horren ardura bere gain hartu, eta ez da ez egindako kalteaz ez erakunde publikoari egindako minaz jabetu”. Aitzitik, “azken unera arte, zilegi den moduan, zigorra ez betetzeko bere esku dagoen guztia egin duela besterik ezin dugu esan”, gaineratu du epaileak.
Matasek hiru eguneko epea du orain helegitea jartzeko.