Politika -
Espetxeak
Donostiako Udalak Martuteneko espetxea eraistea eskatuko du
Egunkari baten arabera, Espainiako Gobernuak 2017. urtera arte atzeratu du Zubietako espetxe berriaren eraikuntza.
Erredakzioa
Donostiako Udalak batzartzea eskatuko dio Espainiako Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzari, Martuteneko espetxea eraistea eskatzeko. Izan ere, "ezin da egon egungo tokian", Txomin Enea auzoko birsorkuntzarentzat oztopo delako eta "osasun eta segurtasun" arazoak ekartzen dituelako.
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak prentsa ohar batean azaldu duenez, El Diario Vasco egunkariak gaur publikatutako albistea benetakoa den "egiaztatzeko" eskatu dio biltzea Espetxe Zuzendaritzari. Hain zuzen ere, Zubietako espetxe berriaren eraikuntza 2017. urtea arte atzeratuko dutela publikatu du kazetak.
Udalak egunkari horren bidez izan du albistearen berri, eta Espetxe Zuzendaritzak ez diola ezer jakinarazi zehaztu du.
Juan Karlos Izagirre alkatearen udal Gobernuak Martuteneko espetxea ixtea "beharrezkoa" dela esango dio Espetxe Zuzendaritzari.
Horren ildotik, inguru horretako altuera kota igo egingo dutela azaldu du Burutaranek, eta Martuteneko espetxeak berdin jarraituko lukeenez, uholde arriskua handitu egingo litzatekeela azaldu du.
"Presoen segurtasunarekin eta osasunarekin ezin dugu jokatu", ohartarazi du, eta 2011. urtean espetxean uholdea jazo zela gogorarazi du.