Politika -
Ustezko irregulartasunak
UPNko hiru kide inputatu dituzte Eguesibarren
Agoizko epaileak UPNko hiru kide deitu ditu deklaratzera: Estefania Clavero Eguesibarreko UPNren bozeramailea, Josetxo Andia alkate ohia eta Carolina Potau zinegotzi ohia.
Erredakzioa
Agoizko epaileak UPNko hiru lagun deitu ditu deklaratzera, inputatu gisa: Estefania Clavero Eguesibarreko UPNren bozeramailea, Josetxo Andia alkate ohia eta Carolina Potau zinegotzi ohia.
Ustezko irregulartasunak atzeman ditu epaileak hiru kargudun horiek egindako kudeaketan.
Hitzordua azaroaren 28an izango dute hirurek, 10:00etatik aurrera.
Gaur bertan, Estefania Claverok "aldi baterako" baja eskatu dio UPNri. Alderdiari bidalitako gutun batean, azaroaren 28ra arte bajan egotea eskatu dio. Hortik aurrera, epaileak bere inputazioari eusten badio, behin betiko baja eskatuko dio UPNri eta Udalean dimisioa emango du.
Josetxo Andiak dimisioa eman eta UPN utzi zuen bere egunean. Potau, berriz, kanporatu egin zuten alderditik. Egun, Geroa Bairen esku dago Eguesibarreko Alkatetza.
Udalak egindako ikerketa batzorde batek agerian utzi zituen UPNren agintaldian egin omen ziren 50 irregulartasun. Ondorioz, Agoizko epaileak hiru kargudun horiek deklaratzera deitzera erabaki du.