Politika -
A-9
Espainiako Gobernuak Fiskaltzan esku hartu izana salatu du Homsek
Generalitateko bozeramailearen esanetan, Masek "oso pozik" hartuko luke Rajoy hilaren 29an Bartzelonan egingo duen bidaiaren baitan
Erredakzioa
Francesc Homs Kataluniako Generalitateko Presidentetza kontseilari eta bozeramaileak Fiskaltzaren zereginetan esku hartu izana leporatu dio Espainiako Gobernuari, eta jokaera hori "arriskutsua" dela adierazi du.
Prentsaurrekoan, Mariano Rajoyren Exekutiboak Fiskaltzan esku hartu izana Zuzenbide Estatuaren aurkakoa dela esan du, botere banaketa urratzen baitu.
Homsen esanetan, "argi dago" Espainiako Gobernuak "presioak" egin dizkiola Kataluniako Fiskaltzari, Masek eta Generalitateak A9an deliturik egin ez zutela uste duelako erakunde horrek.
Horren ustez, kataluniarren aldarriak auzitara eramatea "estrategia okerra" da, eta, horrenbestez, A9ri erantzun politikoa emateko eskatu dio Rajoyri.
Horren ildotik, Homsek deitoratu egin du Espainiako gobernuburuak Masi igorritako gutuna, orain arteko jarrerari eutsi egingo diola esan baitio.
Rajoy hartzeko prest
Bestalde, Homsen hitzetan, Masek "oso pozik" hartuko luke Rajoy Generalitatearen egoitzan, hilaren 29an Bartzelonan egingo duen bidaiaren baitan.
"Rajoyk zabalik ditu Generalitatearen Jauregiaren ateak", nabarmendu du Homsek, eta hitz egiteko "prest" daudela berretsi du, betiere "monologoa" ez bada.