Politika -
Parlamentu soziala
Eragile sozialek Parlamentu 'sinbolikoa' osatu dute Iruñean
Irudikatutako Parlamentu horretan, bazterketa sozial, politiko eta ekonomikoen kontra lan egiten duten eragileek bete dituzte eserlekuak.
Erredakzioa
40 bat eragile sozialek parte hartu dute Iruñeko Sarasate pasealekuan gaur osatu duten Parlamentu sozial sinbolikoan. Antolatzaileen helburua euren ahotsa entzunaraztea da.
Nafarroako Parlamentuaren parean egindako ekitaldian, Parlamentua irudikatu dute eta "Nafarroako Gobernuak egiten dituen bazterketa sozial, politiko eta ekonomikoen kontra" borrokatzen diren eragileek bete dituzte eserlekuak.
Talde bakoitzak bere eskariak hautetsontzi batean sartu ditu manifestu batekin batera, eta ekimena babesten duten talde parlamentarioetako ordezkariei emango diete hautetsontzia.
Iñaki Arzoz eragile sozial bateko kideak azaldu duenez, ekimenaren helburua "krisi eta bazterketa garaian, kaleko ahotsa, gizarte mugimenduetako ahotsa, garbi eta ozen entzutea da".
Parlamentu sozialaren bultzatzaileek ekimenak segida izatea nahi dute, eta, horretarako, manifestazioa deitu dute abenduaren 13an Iruñean "Aldaketa sozialaren alde" lelopean.