Politika -

Sabino Arana, 111. urteurrena

EAJk adierazi du ez dela Konstituzioaren erreformaren beldur

Andoni Ortuzarren esanetan, “lehenengo eta behin” onartu beharra dute “Euskadi nazioa” dela. Gainera, azaldu duenez, “motorra aldatzea” beharrezkoa da, “txapa eta pintura” konpondu beharrean.

Urkullu eta Ortuzar, Sabino Aranaren omenez egindako lore eskaintzan. Irudia: EiTB
Urkullu eta Ortuzar, Sabino Aranaren omenez egindako lore eskaintzan. Irudia: EiTB

Sukarrietan, Sabino Aranari omenaldia egin dio EAJk

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak adierazi duenez, bere alderdia ez da Konstituzioaren erreformaren “beldur”, baina ohartarazi du ez duela “bereizten gaituena onartzen ez duen aldaketarik” onartuko. “Euskadi nazioa da”, gaineratu du.

Ortuzarrek hitza hartu du Sabino Aranaren heriotzaren 111. urteurrenaren harira Sukarrietan (Bizkaia) egindako ekitaldian. Gainera, EAJren zenbait kide ezagunek ere parte hartu dute, esate baterako, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako zenbait sailburuk.

Hitzaldian, EAJren presidenteak berretsi egin du bere alderdia ez dela Konstituzioaren inolako erreformaren "beldur".

Horren ildotik, gaineratu duenez, “lehenengo eta behin” onartu beharra dute “Euskadi nazioa” dela; “hortik aurrera nahi dutenaren inguruan hitz egin dezakegu”. Gainera, azaldu duenez, “motorra aldatzea” beharrezkoa da, “txapa eta pintura” konpondu beharrean.

Bestalde, gaur egun, baldintzak “egokiak” dira ez delako “ezpata ez Goma 2ren hotsik” entzuten, ETAri aipamena eginez. Gauzak horrela, “Trantsizioa eguneratzeko” helburuarekin “aro berriaz” baliatzearen alde egin du.

Gainera, Ortuzarrek “gu Espainiaren zaku berean ez sartzeko” eskubidearen aldeko aldarria egin du eta “etxe atari mailako politika gehiago, eta ikuskizuneko politika gutxiago” egitea defendatu du. Horren haritik, EBBren presidentearen esanetan, alderdi jeltzaleak “lan-jantzia” soinean darama.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Andoni Ortuzar argazkiak Alderdi politikoak albisteak