Politika -
Naranjax auzia
Espetxean sartzeko bost eguneko epea emango diote Carlos Fabrari
Castelloko Diputazioko presidente ohia bihar joan beharko da auzitegira, Espainiako Gobernuak indultua ukatu baitio.
Erredakzioa
Carlos Fabra Castelloko Diputazioko presidente ohia (PP) erkidego horretako lurralde auzitegira joan beharko da bihar, asteazkena, 11:00etan, eta espetxean bere borondatez sartzeko bost eguneko epea duela jakinaraziko dio epaileak.
Valentziako Justizia Auzitegi Goreneko iturrien arabera, atzo jaso zuten Castelloko Auzitegian Fabrari indultua ukatu diotela jakinarazten duen idazki ofiziala. Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak ostiralean hartu zuen graziazko neurria errefusatzeko erabakia.
Fabrak "lasai" zegoela adierazi zuen atzokoan, eta Auzitegiak delitu fiskalak bakarrik egotzi dizkiola nabarmendu zuen, ez ustelkeria delituengatik.
Iazko azaroan lau urteko kartzela zigorra ezarri zion Fabrari Castelloko Lurralde Auzitegiaren lehenengo sekzioak. Ogasun Publikoaren kontrako lau delitu leporatu zizkion orduko hartan, 693.000 euroko iruzurra egin zuela frogatutzat eman eta gero. Kartzela zigorraz gain, 1,4 milioi euroko isuna ezarri zion.
Abuztuan indultua eskatu zuen Fabrak, eta Auzitegi Konstituzionalera ere jo zuen, babes-helegitea aurkezteko. Konstituzionalak ez du errekurtsoa oraindik aztertu, baina egoera horrek, ez du espetxeratzea geldiaraziko.