Politika -
Extremadura
Monagok Kanarietara egindako bidaiak ikertuko ditu Fiskaltzak
Duela egun batzuk haren kontrako salaketa jarri zuen abokatu batek, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Erredakzioa
Senatari zen garaian Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak Kanarietara egindako bidaiak ikertzea agindu du Extremadurako Fiskaltzak.
Diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita salaketa aurkeztu zuen azaroaren 10ean Felipe Martin abokatuak Extremadurako Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzaren aurrean.
Salaketa aintzat hartzea erabaki du orain Fiskaltzak, eta Juan Antonio Galan fiskalaren esku utzi du ikerketa.
Monagok 32 bidaia egin zituen Kanarietara 2009ko maiatzetik 2010eko azarora, senatari zen garaian. Publico egunkariak kaleratu zuenez, diru publikoarekin ordaindutako bidaia horiek guztiak bidaia pribatuak izan ziren, neska-laguna bisitatzeko egin baitzituen. PPko buruzagiak ukatu egin zituen salaketa horiek, eta bidaia horiek guztiak ordezkari publiko gisa dituen betebeharrak betetzeko egin zituela esan du behin eta berriz.