Politika -
Biktimak
Inaxio Uriaren senitartekoek ez dute elkarretaratze gehiago egingo
Aurrerantzean, “komunikabideen arretatik at eta protagonismorik gabe, intimitatean” gogoraraziko dutela azaldu dute agiri batean. ETAko biktimaren oroimenez meza bat egingo dutela zehaztu dute.
Erredakzioa
Inaxio Uria enpresaburuaren familiak elkarretaratze publikoak egiteari uztea erabaki du. Uria 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Azpeitian (Gipuzkoa).
Elkarretaratzeak bukatutzat ematen dituztela azaldu dute senitartekoek agiri labur batean. Aurrerantzean, “komunikabideen arretatik at eta protagonismorik gabe, intimitatean” gogoraraziko dutela azaldu dute agiri batean. ETAko biktimaren oroimenez meza bat egingo dutela zehaztu dute.
“Gure atsekabea publikoan azaltzen genuen eta orain pribatuan egingo dugu”, azaldu dute Gipuzkoako enpresaburuaren senitartekoek.
Urteetan zehar “aurkako sentimenduekin, nahigabearekin eta gaitzespenarekin”, gogorarazi dutela erantsi du familiak. “Askok ulertzen zuten, baina guztiek ez dute azaldu”, gaineratu dute. Bestalde, “urte gogor” hauetan ondoan izan dituzten guztiei eskerrak eman dizkiete.
Egia, memoria eta justizia
“Zuen elkartasuna dugula badakigu, ETAren biktima guztiek gurea duten bezala. Egia, memoria eta justizia errespetatuz, guztien artean indarkeriari behin betiko amaiera ematea nahi eta espero dugu”, azpimarratu dute.
ETAk hildako enpresaburuaren familiak urtero elkarretaratzea egin du Loiolako basilikaren alboan, 2008ko abenduaren 3an Uria hil zuten tokian; Altuna y Uria enpresako egoitzatik oso gertu dagoen monolitoan.