Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bilduk Amezaga atzemateko materialari buruzko azalpenak eskatu ditu
Ertzaintzaren araudiak borroka hedagarriak erabiltzea baimentzen duen galdegin du koalizio abertzaleak.
Erredakzioa
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, Jone Amezaga gaztea atxilotzeko operazioaren harira.
Hain zuzen ere, atxiloketa gauzatzeko ertzainek erabilitako materialari buruz azalpenak ematea eskatu dio Beltran de Herediari, "operazioetan erabili ohi ez den materiala" erabili dutela "egiaztatu" baitute.
Bestalde, Ertzaintzak atxiloketan erabilitako "bortizkeria" salatu du EH Bilduk.
Julen Arzuaga legebiltzarkidearen esanetan, "ertzainak kolpeka sartu ziren merkatuan, lepo bazegoen ere, eta han zeuden pertsonei oldartu egin zitzaizkien, eta zauritu zituen". "Nik neuk azalpenak eskatu nizkien, eta lurrera bota ninduten", deitoratu du.
Ertzainek erabilitako materialari dagokionez, Ertzaintzaren araudiak "borra luzagarriak, pistola elektrikoak eta taserrak" baimentzen ote dituen galdegin du EH Bilduk, eta erantzuna idatziz publikatzea eskatu dio sailburuari.
Araudiak arma horiek baimentzen baditu, zein baldintzatan egiten duen argitzea ere eskatu du.