Politika -
EAJ
Itxaso Atutxak PPrekin harremana 'jasanezina' dela adierazi du
EAJk tonu 'lotsagabe eta desegokia' izatea egotzi dio EH Bilduri, eta PSE-EErekin harremana ere 'zaila' dela gaineratu du.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak baieztatu du jeltzaleek PPrekin duten harremana "jasanezina" dela, bai Madrilen eta baita Euskadin ere. Oro har, hauteskundeen gertutasuna dela eta, alderdien arteko harremanak "gaiztotzen" ari direla onartu du. Jeltzaleekin tonu "lotsagabe eta desegokia" izatea egotzi dio EH Bilduri, eta PSE-EErekin harremana ere "zaila" dela aitortu du, erakunde guztietan Aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioak sozialistekin lortu badituzte ere.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Atutxak adierazi du ez dakiela nola kalifikatu jeltzaleen eta popularren arteko harremana. "Jasanezina da. Madrilek entzungor egiten die EAJren eta lehendakariaren eskariei, eta baita Gasteizko Legebiltzarrean lortutako akordio zabalei ere", azaldu du.
Ildo horretan, Bizkaiko eta Euskadiko Alderdi Popularra "noraezean" dagoela uste du, "segur aski hauteskundeetan oso emaitza txarrak izango dituztela aurreikusten dutelako eta hautesleek emango ez dioten protagonismoa nahi dutelako".
Halaber, EAJk EH Bildurekin erabiltzen zuen tonua gogortu duela onartu du, eta egoera horretara "eguneroko harremanak" eraman dituela esan du. Horren iritziz, koalizioaren "tonua lotsagabea eta desegokia izaten ari zen, eta erakundeen baitako kritika politikotik kanpokoa".
Buruzagi jeltzaleak hizpide izan ditu Andoni Ortuzarrek asteburuan egindako adierazpenak. Ezker abertzaleari "demokrata ala fatxa" izan nahi duen aukeratzeko eskatu zion.
Horren harian, aurreko ostiralean EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean izan zuen tonua "ia jasanezina" izan zela esan du, eta jeltzaleek EH Bildurekiko tonua gogortu badute, koalizioa Diputazioan, Batzar Nagusietan, udaletan eta abarretan izaten ari den jarreraren ondorio dela azpimarratu du.