Politika -
Presoak
Urizar: 'Gobernuak auzitegiak presionatzen ditu prozesua oztopatzeko'
Ehunka lagunek parte hartu dute, Donostian eta Iruñan, Espainiako Gobernuaren espetxe politika salatzeko egin diren manifestazioetan.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak auzitegiak presionatzen dituela salatu du Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak, gatazkaren konponbidea oztopatzeko eta zailtzeko helburuarekin. Gainera, ETAko presoen eskubideei dagokienean, Europako araudia "urratzea" egotzi dio Gobernuari.
Mila lagun baino gehiagok parte hartu dute, EH Bilduk deituta, Donostian larunbat arratsaldean egin den manifestazioan. Halaber, Iruñan ere beste manifestazio bat egin dute. Donostiako manifestazioa 17:30ean atera da Donostiako Bulebarretik, "Salbuespen egoerarik ez, presoak etxera" lelopean.
Donostiako manifestazioan izan dira, besteak beste, EH Bildu koalizioko Hasier Arraiz, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Joxean Agirre, Peio Urizar, Ayem Oskoz, Ernesto Merino, eta Alberto Unamunzaga Amaiurreko diputatua.
Hedabideen aurrean, Peio Urizarrek hitz egin du eta Donostiako zein Iruñeko manifestazioen helburua Estatu espainiarraren espetxe politika salatzea dela adierazi du. Horren iritziz, Espainiako Gobernuak ez du gatazka konpontzeko ezer egiten, alderantziz, karramarroen bidea egiten du atzeraka.
Ildo horretan, Estatu espainiarrak "ez du bete Frantziako kartzelatan egindako espetxe urteak kontuan hartzea eskatzen duen Europako araudia".
Gaineratu duenez, Estatu espainiarrak legedia aldatzen du Europako araudiaren kontra. Are gehiago, horren esanetan, "Espainiako Gobernuak auzitegiei presioa egiten die gatazkaren konponbidea trabatzeko eta zailtzeko".
Horren aurrean, nabarmendu du euskal gizarteak aurrerapausoak eman nahi dituela eta euskal presoen eskubideak aitortzeko ere eskatu du, "beraiek ere beren oinarrizko eskubideak badituztelako".