Politika -
Kartzela politika
Lehendakariak 'presoen gaian' PPri ez presionatzea deitoratu du Sortuk
Sortuk salatu duenez, Urkulluk PPren aurrean amore ematen du, presoak aberriratzeko presionatu beharrean.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera deitoratu du, "presoak aberriratzeko PPri presionatu beharrean, haren aurrean amore ematen duelako".
Sortuk deituta, Martuteneko kartzelara mobilizazioa egin dute gaur "Kartzela politika kriminalari stop" lelopean. Hernanitik eta Donostiatik joan dira bi zutabetan Martuteneko kartzelaraino, eta bertan 300 lagun inguru elkartu dira.
Kartzelaren atarian, buruzagi abertzaleak Eusko Jaurlaritza kritikatu du, astea joan eta astea etorri "egitasmo berri bat" edo "iragarpen mediatiko bat" egiten duelako; eraginkortasunik gabea.
Barrenaren iritziz, lehendakariaren eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkariaren "harrokeriak" ez dauka mugarik; izan ere, "presoentzako egitasmo bat egin dute presoekin kontatu gabe, beste bat biktimentzat, biktima batzuk soilik kontuan izanda; eta ETAren armagabetzeari buruzko beste bat, ETA eta nazioarteko egiaztatzaileak kontuan izan gabe".
"Presoak aberriratzeko PP presionatu beharrean, popularren aurrean amore ematen duen lehendakari bat izatearen zoritxarra daukagu. Lehendakariak ez dauka soberanistekin akordiorik egiteko asmorik, ez diolako Madril aurre egin nahi", salatu du.
Bestalde, "bakea oztopatzen dutenekiko presio politikoa areagotzeko" akordioak bilatzeko prest agertu da Sortuko buruzagia.