Politika -
Presoak
Sortuk kartzela politikaren amaiera eskatu du Basauriko kartzelan
Ezker abertzaleak mobilizatzeko dei egin die gizarteari eta erakundeei.
Erredakzioa
Sortuko ordezkariek "gerrako" espetxe politikari amaiera jartzea eskatu dute, larunbat honetan, Basauriko kartzelaren atarian. Era berean, ohartarazi dute Mariano Rajoy "presozainak" daukala "sakabanaketarekin amaitzeko giltza".
Ehunka lagunek parte hartu dute "Espetxe politika kriminalari stop. Presoak etxera" lelopean egin den manifestazioan. Bihar, igandea, Martuteneko kartzelan egingo dute elkarretaratzea.
Ekitaldian, Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramaile eta EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du hiru urte igaro direla Aieteko konferentzia egin eta ETAk behin betiko jarduera armatua amaitu zuela iragarri zuenetik. Hala ere, Espainiako eta Frantziako espetxe politikak "berdin" jarraitzen duela deitoratu du, eta "paradoxikoa dirudien arren", ETAko presoen egoerak okerrera egin duela salatu du.
Ildo horretan, 10etik 7 preso Euskal Herritik 800 kilometro baino gehiagora daudela salatu dute, eta dispertsioaren arrazoiak zalantzan jarri dituzte. Horien esanetan, horren helburua "mina egitea" da.
"Estatu espainiarrak presoak instrumentu gisa erabiltzen ditu Euskal Herriko bake eta demokratizazio prozesuak aurrera egin ez dezan", azaldu du Ugarteburuk. Horren iritziz, helburua lortzeko "edozer egiteko prest daude, baita Europako erakundeen artean irrigarri gelditzeko ere".
"Presazkoa eta lehentasunezkoa da 25 urte dirauen dispertsioarekin amaitzea. Gai horretan, Rajoy presozainak dauka giltza", gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, "kaleetatik eta euskal erakundeetatik asko egin daiteke" eta, hori dela eta, Espainiako Gobernuarekiko presio soziala eta politikoa areagotzeko dei egin du.