Politika -

Denboraleak

Oregi: '16 milioi euro erabili ditugu portuetako kalteetarako'

Ingurumen sailburuak, dena dela, Hondarribian, Orion eta Bermeon, besteak beste, lan batzuk oraindik egiteke daudela zehaztu du.

Ana Oregi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Ana Oregi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Denboraleen kalteen konponketek 16 milioiko kostua izan dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Oregi Ingurumen sailburuak asteazken honetan esan duenez, Eusko Jaurlaritzak 16 milioi euro erabili ditu, orain arte, joan den neguko denboraleek Jaurlaritzaren esku dauden portuetan eragindako kalteak konpontzeko.

Donostiako portuan emandako prentsaurreko batean jakinarazi du datua Oregik. Almudena Ruiz de Angulo Azpiegituren zuzendaria eta Marco Boronat Garraioen zuzendaria ere bertan egon dira.

9,5 milioi, Bizkaian; 6,5 milioi, Gipuzkoan

Oregik azaldu du 6,5 milioi Gipuzkoan egin beharreko esku-hartzeetan erabili dituztela, eta gainerako Bizkaian inbertitu dutela. Ingurumen sailburuak, dena dela, Hondarribian, Orion eta Bermeon, besteak beste, lan batzuk oraindik egiteke daudela zehaztu du.

Sailburuak nabarmendu ditu Bermeon egindako lanak; bertako dikean, izan ere, "ingurumen-filosofia bat" txertatu dute. Babesak, "herri naturalarekin egin beharrean", hormigoiko blokez egin dituzte: "Altzairu-fabrikako zepak daramatzate euren osaketan, bloke horiek".

Osagai horren bilakaera azpimarratu du sailburuak; Euskadik "bere izaera industrialagatik" duen hondakina izateagatik, lehengai moduan ikusia izatera igaro da. "Hormigoiko blokeei portaera tekniko oso ona ematen die; horiek, gainera, dentsitate handiagoa dutenez, bolumen txikiagokoak dira".

"Azkartasuna eta eraginkortasuna"

Ingurumen sailburuak goraipatu du lanak "azkar eta modu eraginkorrean" egin dituztela, eta adierazi du klima aldaketak garrantzia izango duela etorkizunean kostalderako: "Haizeak, mareek eta olatu handiek eragin handiagoa izan lezakete, gauzak aurreikusten saiatu beharko gara".

Ildo horretan, Oregik argitu du euskal portuetan egiten ari diren lanak ez direla bakarrik kaltetutako azpiegiturak konpontzeko, baizik eta asaldura meteorologiek eragindako baldintza gogorrei aurre egin ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza