Politika -
Euskal Herria
Intza Oxandabaratz kartzelan ez sartzea eskatu dute 217 hautetsik
Urtarrilaren 21ean Pariseko dei auzian agertu behar du, eta Iparraldeko alderdi guztietako ordezkariek mozio bat sinatu dute euskal gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernuari inplikazioa eskatzeko.
Erredakzioa
Intza Oxandabaratz garaztarra kartzelan ez sartzeko eta hari babesa emateko mozio bat sinatu dute Ipar Euskal Herriko 217 hautetsik. Larunbat honetan, Donibane Garaziko sostengu komiteak eta hainbat hautetsik agerraldia egin dute.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, mozioan euskal gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatzen diote Frantziako Gobernuari. Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztietako ordezkariek sinatu dute mozioa, tartean, 28 auzapez daude. Gainera, Sylviane Alaux eta Jean Lassalle diputatuek, François Maitia (eskualde kontseilari eta kontseilari orokorrak), Alice Leiciagueçahar (eskualde kontseilariak), eta Beñat Arrabit (Garazi Baigorri Herri Elkargoko lehendakariak) gutun bana egin dute aipatutako elementuak azpimarratuz eta epaileari kontua hartzeko eskatuz.
Izan ere, Intza Oxandabaratz garaztarrak urtarrilaren 21ean Pariseko dei auzitegian agertu behar du.
Bestalde, urtarrilaren 17rako manifestazioa deitu dute 16:00etan Donibane Garazin, Intza Oxandabaratzi babesa emateko.