Politika -

Frantzia

Frantzian, 'indignitate nazionala' delitua berreskuratzea aztergai

Frantzian 1944 eta 1955 artean egon zen indarrean, eta  hori egotzita zigortu zituztenei hainbat eskubide murriztu zizkieten, boto-eskubidea eta erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea, besteak beste.

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa "indignitate nazionala" delitua berriz indarrean jartzearen kontra agertu da. Bigarren Mundu Gerraren ondoren egon zen indarrean azkenaldiz Frantzian, eta nazien kolaboratzaile izan zirenei aplikatu zitzaien.

"Ekintza sinbolikoa litzateke, baina sinboloek beren kargak dituzte", adierazi dio RTL irrati kateari. Ministroak azpimarratu duenez, berak ez du hori eskatu, eta Frantziako parlamentariei dagokie horri buruzko erabakia hartzea.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak aurreratu du proposamena egingo diela Asanblea Nazionaleko alderdi politiko guztiei, delitu hori berriz indartzean jartzea azter dezaten.

"Gobernuak ez du arinegi erantzun nahi printzipio kontuen aurrean", esan du, baina kontserbadoreek proposatutako eztabaida irekitzeko prest agertu da.

Aipaturiko arau-haustea indarrean egon zen Frantzian 1944 eta 1955 artean, eta hainbat zigor jartzeko aukera ematen zuen: boto-eskubidea, ordezkari politiko izateko eskubidea eta funtzio publikora sartzeko eskubidea kentzea, enpresak zuzentzea galaraztea, maila militarra galtzea edota erretiro-pentsioa jasotzeari uztea.

Bestalde, hainbat politikarik terrorismoagatik zigortutakoei nazionalitatea kentzea proposatu dute, baina horrek aurrera egiteko aukera gutxi ditu; izan ere, nazioarteko eskubideak ez du pertsona bati nazionalitatea kentzeko aukera aurreikusten, nazionalitate bakarra badu behintzat.

Parisko atentatuen ondotik, Frantziako Gobernuak hainbat neurri hartu ditu, eta Justiziak ere sistema eguneratzea du helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Frantziako Gobernua gaur