Politika -

Urteurrena

Donostiak Ordoñez gogoratuko du, hil zutenetik 20 urte bete direnean

PPko kideak uko egin zion eskoltari, hainbat mehatxu eta bi atentatu saiakera pairatu bazituen ere.

Orain 20 urte hil zuen ETAk Gregorio Ordoñez

2:32

I.G. / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan bete dira 20 urte dira ETAk Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzi eta PPren alkategaia hil zuela. 1995eko urtarrilaren 23an, udal hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu eta egun batzuetara, tirokatu egin zuten, taberna batean.

Une horretan, inkestak alde zituen Ordoñezek. Are gehiago, urtebete lehenago, Europako hauteskundeetan, PPren zerrenda bozkatuena izan zen Donostian.

Ordoñez La Cepa tabernan zegoen hil zuten unean. Harekin batera, Maria San Gil eta Enrique Villar zeuden.

37 urte zituen Gregorio Ordoñezek, eta urte eta erdiko seme bat zuen.

Hilketak hunkitu egin zuen Donostiako gizartea, eta gaitzespen eta arbuio ugari ekarri zituen, tartean Begoña Garmendia HBko zinegotziarena.

PPko kideak errefusatu egin zuen bizkartzainak izatea, hainbat mehatxu eta bi atentatu saiakera pairatu bazituen ere.

ETAk neba hil eta gero, Consuelo Ordoñez biktimen aldeko plataformetan eta elkarteetan lanean hasi zen. Adibidez, Aski Da plataformaren sorreran parte hartu zuen, eta egun Coviteko presidente da. 2012an, Gregorioren hiltzaileetako batekin batzartu zen Langraizeko espetxean. Valentin Lasarterekin, hain zuzen ere. Lasartek barkamena eskatu zion.

Urtero bezala, Gregorio Ordoñez Fundazioak PPko alkategaia zena omenduko du larunbat honetan, Polloeko hilerrian. Egun berean, AVTk PPren eta Espainiako Gobernuaren "traizioak" salatzeko manifestazio bat egingo du Madrilen. Izan ere, ETAri ordainak eman izana leporatzen die.

Iaz, hilketaren 19. urteurrenean, Consuelo Ordoñezek PPren aurka egin zuen, eta Mariano Rajoyren Gobernuari biktimei ez entzutea egotzi zion. Alfonso Alonso, Arantza Quiroga, Borja Semper eta Leopoldo Barreda PPko buruzagiak aurrean zeudela esan zituen hitzok.

Egun horretan bertan, PPk terrorismoaren biktimen aldeko omenaldi bat antolatu zuen, eta alderdiak betoa jarri ziola salatu zuen Gregorio Ordoñezen arrebak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Donostia ETA gaur