Politika -

Nafarroa

Chivitek zail ikusten du UPNrekin edo independentistekin ituna lortzea

Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak azpimarratu du euren "ideia eta jarrera ideologikoak" dituztenekin bakarrik egingo dute ituna.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite PSNren idazkari nagusiak adierazi duenez, euren "ideia eta jarrera ideologikoak" dituzten alderdiekin bakarrik egingo dituzte hauteskundeen ondoko itunak eta, beraz, zail ikusten du UPNrekin edo independentistekin akordioa lortzea.

Foro Ser Navarra eztabaidagunean agertu duenez, PSNren hauteskunde-programa izango da Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko beste alderdiekin negoziatzeko helduleku eta erreferentea.

"Ez dugu eskuinarekin eta muturreko independentismoarekin bat egiten, hori egia da", zehaztu du. Horren ildoan, UPNren politika eta Barcinaren gobernuak Madrilgoari emandako babesa arbuiatu ditu.

PSNren hautagaiaren arabera, foru hauteskundeen ondotik, are zatituagoa egongo da Nafarroako Parlamentua, eta beraz, "akordioak lortzeko ahalmena ezinbestekoa izango da Nafarroak behar duen gobernu egonkorra osatzeko".

Chivitek adierazi duenez, PSNko militanteek izango dute hauteskundeen ondoko itunen azken hitza. Buruzagi sozialistaren hitzetan, "taktismoa alde batera utzi behar da eta herritarren benetako arazoak konpontzeko akordioak lortu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN PSN Nafarroa gaur Nafarroako Hauteskundeak