Politika -
PP-ren Batzar nazionala
Rajoyk Espainiako sistema politikoa defendatu du
Gainera, bekaldiak bete gabe soldata jasotzea ahalbidetzen dien sistema aldatu nahi duen galdetu dio Podemosi, alabaina, ez du Barcenasen inguruan hitz egin nahi izan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Espainiako sistema politikoaren eta politikarien aldeko hitzaldia egin du PP egiten ari den Biltzar Nazionalaren bigarren egunean, Podemosek, esaterako, haien kontra egiten dituen kritikei erantzunda.
Rajoy PPren Belaunaldi Berrien ordezkariekin bildu da eta Espainiarekin harro egoteko eskatu die, lortutako guztiagatik eta herritarren ongizatea bermatzeagatik.
Gainera, penagarritzat jo du zenbait alderdi politikok “eta politikoak ote diren ezagutzen ez den beste batzuek” hartutako joera, herrialdea txarto dagoela adieraztean.
“Herrialde handia gara, munduko garrantzitsuenetakoak”, esan du Rajoyk eta, gainera, adierazi duenez, “orain zenbaitek sistema aldatu nahi dute”, Podemos dela eta.
Horren ildotik, presidente espainiarrak galdegin du zein da aldatu nahi duten sistema: “Nahi izanez gero ikastetxe publikoetan ikastea ahalbidetu ziena? Ordaindu barik osasun publikora jotzea ahalbidetzen diena? Unibertsitatean izatea ahalbidetzen diena? Bekaldiak bete gabe 1.800 euroko soldatak jasotzea ahalbidetzen diena?”, esan du Iñigo Errejon Podemosen kidearen inguruan sortutako eztabaida dela eta.
Bestalde, Rajoyk uko egin dio Luis Barcenas PPren diruzain ohiak egindako adierazpenei erantzuteari. Barcenasek esan zuen, kartzelatik irten eta berehala, Rajoyk alderdiaren B kontabilitatea “hasieratik” ezagutzen zuela.
“Bihar egoera ekonomikoaren, enpleguaren, Kataluniaren eta ustelkeriaren inguruan hitz egingo dut”, iragarri du Rajoyk berak, Belaunaldi Berriekin egindako aipatutako bileraren ostean.
Aznarren hitzaldia “oso ondo datorkigu”
Carlos Floriano PPren Organizazio eta Hauteskunde idazkariordearen esanetan, Jose Maria Aznar pespainiako presidente ohiak “gogoeta azpimarragarriak” egin zituen PPren batzarrean egindako “hitzaldian”, eta “oso ondo datozkio” Alderdi Popularreko zuzendaritzari.
“Nire ustean, presidente ohiaren hitzaldia oso ona izan da. Asko gustatu zitzaidan, uste dut gogoeta garrantzitsuak egin zituela, eta ondo datozkigula alderdiaren zuzendaritzako kideoi”, esan du Florianok PPren Batzarrera heldu denean.