Politika -
Zaborrak
EH Bilduk dio Aldundian jarraitzen badu ez dela erraustegirik eraikiko
Larraitz Ugarte Aldundiaren bozeramaileak esan du "azkenean" EAJk arrazoia eman diola EH Bilduri, aurreikusitako erraustegiaren tamaina "handiegia" zela onartu duelako.
Erredakzioa
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiaren bozeramaileak esan du EH Bilduk maiatzeko hauteskundeen ondoren Aldundian agintzen jarraitzen badu, ez dela erraustegirik eraikiko lurraldean.
Ugartek Markel Olano EAJren ahaldun nagusigaiaren adierazpenak izan ditu hizpide, erraustegiaren proiektuari berriro ekiteko asmoa agertu zuelako, baina tamaina txikiago batean.
Aldundiaren bozeramailearen ustez, EAJk "azkenean" arrazoia eman dio EH Bilduri, bere garaian salatu zuelako tamaina "handiegia" zuela proiektuko erraustegiak.
"Ongietorria da Olanok atzera egin izana", adierazi du Ugartek. Gainera, Olanoren planteamenduak galdera asko airean uzten dituela azpimarratu du Ugartek, erraustegia non egingo den eta horren hondakinak nora eramango dituzten ez baitu azaldu.
Era berean, Markel Olanoren hitzek agerian uzten omen dute EH Bilduren Gobernuak erraustegiaren kontratuak bertan behera utzi izana eta kalte ordainak eman izana erabaki "zuzena" izan zela. Izan ere, jeltzaleek planteatzen duten erraustegia hasierakoa baino % 10etik gora txikiagoa izango zen, eta kontratu publikoak bertan behera utzi behar dira aldaketa % 10etik gorakoa denean.
"Denborak arrazoia eman digu", berretsi du Ugartek, eta PSE-EEren eta EAJren "zorroztasun ezak egin nahi zuten bakarra Aldundia kritikatzea zela erakusten" duela gaineratu du.
EH Bilduk Zestoan zabor biltegiaren inguruan kontsulta egingo duela gogorarazi ostean, Ugartek Olanori galdetu dio ea herritarrei galdetzeko asmoa duen erraustegiari buruz.