Politika -
Epaiketa
'Jazarpena' jaso zuela salatu du Ignacio Polo zinegotzi ohiak
2014ko apirilaren 21ean dimisioa eman zuen Ignacio Polok, mozkortuta gidatzen zihoala harrapatu baitzuten.
Erredakzioa
Iaz, atxilotua izan aurretik, “jazarpena” pairatu zuela salatu du gaur Ignacio Polo Iruñeko Hiri Segurtasunerako zinegotzi ohiak.
2014ko apirilaren 21ean dimisioa eman zuen Ignacio Polok, mozkortuta gidatzen zihoala harrapatu baitzuten.
Polok gaur deklaratu du Iruñeko Zigor-arloko epaitegian. Fiskaltzak 4.050 euroko isuna eta gidabaimena bi urtez kentzea eskatuko du.
Alkoholemia kontrolean “positibo” eman zuela jakin ostean, “lur jota” geratu zela onartu du gaur Ignacio Polok. Fiskalaren galderei eta bere abokatuenei bakarrik erantzun die; ez, ordea, akusazio partikularrak egindakoei.
Kontrola egin aurretik “alkoholaren eraginez kaltetutako jarrera” erakutsi zuela deklaratu duten poliziak “gezurretan” aritu direla azpimarratu du.
Gertaera iazko apirilaren 20an jazo zen. Orduan Hiri Segurtasunerako zinegotzia zenak furgoneta bat kolpatu zuen, Hemingway pasealekuan, Iruñeko Udalaren ibilgailu bat gidatzen zihoala.
500 euroko isuna jarri zioten eta gidabaimeneko sei puntu kendu zizkioten, alkoholemia-proban aire litro bakoitzeko 0,64 miligramo alkohol botatzeagatik.
Polo 1945eko irailaren 15ean jaio zen, lau seme-alaba ditu, eta fisioterapeuta eta Erizaintzan diplomaduna da. UPNko kidea 1995etik da zinegotzi Iruñeko Udalean.